Amelia Barquin Ramon Bajo eskolako Gurasoen Elkarteko kidea
Hezkuntza-gune naturala
Bitxia da nola ari diren euskaraz ikasten familia horietako seme-alabak, euskaldunen seme- alabekin harremanik apenas duten eskola batean, horiek hiriko beste zenbait zentrotan daudelako
Otsailean egin ohi da eskoletako aurrematrikulazio kanpaina, eta bi eta hiru urteko umeen familiek datorren ikasturterako eskola aukeratzen dute. Ondo pentsatu beharreko erabakia da, zentro hori oso inportantea izango baita familia horren bizitzan datozen urteetan.
Zentro bat edo bestea aukeratzeak ez ditu ondorioak gure seme-alabentzat bakarrik. Eskolak bizitasuna ematen dio herri edo auzo bati eta, berez, lehenengo mailako kohesio faktore bat da arlo askotan: alde horretako umeek bertan ezagutuko dute elkar, adiskide bihurtuko dira, agur esango diote elkarri kaletik topo egitean, arratsalderen bat pasatuko dute besteen etxeetan... Eta gurasoak ere juntatuko dira eta elkarren arteko harreman bat garatuko dute. Oinarrizko kohesio hori funtsezkoa da gurea bezalako gizarte batean, gero eta anitzagoa eta multikulturalagoa dena, baina zeinetan elkarren arteko mesfidantzak adierazten baitira maiz. «Kohesioa» da, hain zuzen ere, kontzeptu gakoa adituen artean, gizarte eredu desiragarriez hausnartzen dutenak. Eta arlo horretan ez dago eskolak baino rol garrantzitsuagoa joka dezakeen erakunderik.
Badago eskola jakin bat argi eta garbi laburbiltzen duena hezkuntza aukeren eta kohesioaren gaia: Gasteizko Alde Zaharreko Ramon Bajo eskola, auzoan bertan dagoen bakarra. Duela lau urte D ereduko bi urteko gela bat abiatu zen bertan. Uneotan haur hezkuntza guztia D ereduan eskaintzen da eta A eredua desagertzen joango da. Erabaki hau zentroaren eraldaketaren elementuetako bat da, auzoaren aurrean egoki eta kalitatearekin erantzuteko ahaleginean.
Baina ez da erraza suertatzen ari. Ijitoen eta etorkinen familiek normaltasun osoz jarraitzen dute umeak bertan matrikulatzen, egun D ereduan, baina ijitoak ez diren familia autoktonoek (auzoko gehiengoa, askogatik) umeak auzotik kanpoko eskoletara igortzen dituzte oraindik. Etorkinen «integrazioaren» premiaz horrenbeste kalakatzen den uneotan, bitxia da ikustea nola ari diren euskaraz ikasten familia horietako seme-alabak, euskaldunen seme-alabekin harremanak izateko posibilitaterik apenas duten eskola batean, horiek hiriko beste zenbait zentrotan zehar sakabanatuta daudelako.
Ez dira gutxi, ordea, Alde Zaharreko eskolak eskaintzen dituen aukerak. «Auzoko eskolaren» kontzeptuak abantaila handiak ditu; argiena agian hurbiltasuna da eta umeak egunero eskolara laguntzeko aukera, goizean goiz jaiki gabe eta hala autobus bidaiak nola ordutegi estresanteak saihestuz. Ez du garrantzi txikiagoa seme-alaben irakasleekiko eguneroko hartu-emanerako aukerak, gurasoen aldetik, baita beste gelakide eta familiekikoak ere; gure seme-alaben eguneroko martxaren jarraipen hurbilagoa egin dezakegu, beraz. Ahaztu gabe eskolako sarrera eta irteera orduetan umeak bertan elkartu eta jolastu egiten dutela; adiskideak auzoan bertan izatea garrantzitsua da umeentzat, eskola ordutegitik kanpo «gizarte sarerik» gabe aurki ez daitezen. Bestalde, ikastetxeak auzoan bertan integratutako eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzen ditu, eta ikasketa sendotzeko auzoko baliabi- deak erabiltzeko aukera (Saregunea, gizarte etxearen bitartekoak, auzoko espazio kulturalak: museoak, katedral zaharra, gaztetxea, dantza-eskolak...). Gainera, hurbiltasuna dela eta, familiek erosoago parte har dezakete zentroaren bizitzan: gurasoen elkartearen bileretan, irakasleekiko bileretan, zentroaren ekintzetan...
Gehitu egin beharra dago Gasteizko Alde Zaharreko eskolako irakasleak, zuzendaritza taldea eta Gurasoen Elkartea biziki konprometituta daudela kalitatezko hezkuntza inklusiboarekin, irakaskuntza arloko ikerlariek egun defendatzen dituzten hezkuntza parametroen arabera: eskola txiki eta beraz kudeaketa maila erabilgarrikoa, auzoarekin lotua, eskola-komunitatearekin eta inguruko agenteekin harreman aberasgarriak dituena. Oso hezkuntza eredu ekologiko eta gizatiarra dugu hau.
Horregatik gero eta gehiago dira auzoko eskola aukeratzen duten familiak, baina, hala ere, gutxi dira oraindik. Argi dago batzuentzat errazagoa dela gizarte-etxean Peruko ume behartsuentzat jostailu bat uztea -hain daude urrun-, beste jatorri bateko familiekin maila berean erlazionatzea baino -justu hor, aldameneko atean, aldameneko eskolan-. Kontraesan horrek ondorioak izango ditu: gure seme-alabek elkarbizitzaren praktikan aritzeko aukera eder bat galduko dute, eta hori gero eta beharrezkoagoa izango da egokitu zaigun mundu plural honetan. Ikasleen jatorri sozial eta geografiakoa ez litzateke izan behar eskola bat baztertzeko arrazoia, kontrakoa baizik, hautatzeko arrazoia alegia.
Beste aukera batzuen alde egiten dutenekiko errespetu osoz, Alde Zaharreko eskolak, edozein auzotako eskolak bezala, bertako biztanleon seme-alabentzako hezkuntza-gune naturala bihurtu nahi du. Merezi du aintzat hartzea haientzako eta bizi garen lekuarentzako aukera gisa.