Euskal Herriko Laborantza Ganberak jasaten dituen «erasoak" salatu ditu
Duela bi urte sortu zenetik, EHLG «eraso andana" pairatzen ari da Estatuaren ordezkari den prefetaren aldetik baina, baita hainbat erakunde (Kontseilu Nagusia, Paueko Ganbera, Epaitegia, Ogasuna) eta sindikaturen (FDSEA) aldetik ere. Presio eta neurri horiek salatzearekin batera datozen asteetarako prestatutako ekimenak aurkeztu zituzten atzo. Jokaera «erasokor horiek EHLG sortzea hautu ona izan zela frogatzen dute" Mixel Berhokoirigoinen esanetan.
Maria AIZPURUA |
«Besteendako arrunta dena Euskal Herriko Laborantza Ganberarentzat (EHLG) ezinezkoa» dela salatu zuen, atzo, Mixel Berhokoirigoin lehendakariak EHLGko Administrazio Kontseiluko, Laborantza Ganberaren Lagunen elkarteko eta Batera bilguneko kideekin eta hainbat hautetsirekin Baionan egindako agerraldian.
Bere sorreratik EHLG pairatzen ari den erasoen zerrenda luzea azaldu zuen, «betiere, hainbat erakunde edo pertsona kaltetuak izan ez daitezen» kasu batzuk publikoki ez dituztela agertuko argi utzita.
Horrela, «genetikoki ilegalak» direla pentsatzeko arrazoiak badirela esan zuen. Izan ere, EHLG sortu aitzin, prefetak berak mehatxu egin zien nekazaritza egitura ofizialaren parekoa sortzea legez kanpokoa zela argudiatuz. Bi urteotan jasandako erasoen artean, herriko-etxeei diru-laguntzak eman ez diezaioten eskatu eta eman dituztenen kontra jo izana, Zigor Auzitegian prefetak jarritako salaketa -oraindik erabakitzeke dagoena-, erakundeetako zenbait batzordetatik (Natura 2000 plana aztertu behar duen DIREN, esaterako) eta erakundetatik (Ossau-Irati gaznaren labelekoa, Kontseilu Nagusiko laborantza batzordea) kanpo uztea, emandako formazioengatik Europatik jaso behar zituen diru-laguntzak blokatzea, eta abar daude.
Bide onetik
Neurri horiek guztiak, halere, Ipar Euskal Herriko laborantzarako egitura berezia sortzean hautu egokia egin zutela frogatzen dute Berhokoirigoinen ustez: «Prefetetik hasita, Kontseilu Nagusiko lehendakariraino edo FDSEA eta Paueko Ganberaraino, EHLGren aurka eratu duten nolabaiteko aliantza horrek argi uzten du gure egiturak gogaitu egiten dituela, aurreko urteetan egin izan ditugun protestaldi eta mobilizazioak baino gehiago. Horrenbestez, bide onetik goaz, zinez».
Azkenenetako erasoa, Pirinio Atlantikoetako Zerbitzu Fiskaletako Zuzendariaren eskutik etorri zaio EHLGri. 2005eko zerga aitorpenetan Ganberako Lagunek, besteren artean, EHLG diruz sostengatzeko elkarteari emandako sosak desgrabatzeko ez zuten arazorik izan, Hendaiako herritar baten salbuespena kenduta. Aurtengoan, ordea, abenduan jakinarazi zitzaion EHLGri emari horiek deskontatzea ezinezkoa izango dela.
Jean-Rene Etchegarayk jakinarazi zuen neurri hori «ilegala» dela eta bi helegite jarriko dituela EHLGren izenean. Bata, neurriaren funtsa aztertzea eskatuz, erabakia deuseztatzeko, eta bestea neurriaren eraginak eteteko. Zergen aitorpenaren denboraldia gertu dagoela kontuan hartuta, bigarrenaz bizpahiru asteetan erabakia hartu beharko du Paueko Auzitegi administratiboak.
Zerbitzu fiskalak antzeko erabakiak hartzeko eskumenik ez duela eta, edukian ere, aurreratu dituzten argudioak bidezkoak ez direla esan zuen Etchegarayk, «EHLGri emandako diru-laguntzak zerga arintzeko baldintzak betetzen dituztelako». Jokaera horren atzean «arrazoi politikoak» daudela begi bistakoa da abokatuaren esanetan.
Christine Bessonart Senpereko auzapezak, Kotte Ezenarro Hendaiakoak, Jean-Michel Galant Baigorriko kontseilari nagusiak eta Sauveur Bachok Bateraren izenean, presio eta jokaera horiek ez direla «ez onargarriak ezta demokratikoak ere» esan zuten.
Patxi Noblia Ganberaren Lagunak elkarteko lehendakariak, berriz, «honek guztiak laurogeiko hamarkadan Herrikoa elkarteak pairatutakoa» gogorarazten diola nabarmenduta, «jazarpen edo terrorismo administratibo hori» -deitura egokia zein den ez zekiela zehazturik¯ geratzeko eta Ganberari eta beraien elkarteari «lanean bakean uzteko» eskatu zuen.
Ekimen juridiko eta informatiboez gainera, datozen hauteskundeetan aurkeztuko den hautagai oro EHLGren kontrako joerari buruz bere jarrera azal dezan interpelatuko dute. Horrekin batera, mobilizazio bat antolatu dute martxoaren 17rako. Protestaldia jai-giroan egingo da. Nobliak Ganberako Lagunak elkarteko kideei eta gainerako sostengatzaile guztiei beraien elkartasuna adierazteko deia egin zien. Mobilizazioa Baionako Administrazio gunearen aitzinean izango da, goizeko 11etatik goiti.