GARA > Idatzia > Kultura

Kontseiluak zinemetan hizkuntza eskubideen urraketa salatu du

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak zinema-aretoetan euskararen erabileraren inguruko azterketaren emaitza aurkeztu zuen atzo Iruñean. Emaitza ez da ona izan eta hizkuntza eskubideen deklazarazioa legez bermatu beharko luketen aztertutako 29 ikusentzunezko enpresetatik oso gutxik pasa dute froga. Ondorioen arabera, hortaz, Euskal Herriko zinema-aretoek hizkuntza eskubideak urratzen dituztela salatu du Kontseiluak.

GARA | IRUÑEA

Euskal Herri osoko 29 zinema-areto aztertu ondoren, Kontseiluak atzo Iruñean jakinarazi zuenez, zinematan hizkuntza-eskubideak nabarmen urratzen dira.

«Euskaldunak ere zinemazaleak gara, eta filmak euskaraz ikusi nahi ditugu», adierazi zuen Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politikoko arduradunak. Emaitza kaxkarra jaso du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eginiko zinema-aretoetako hizkuntzaren erabilerari buruzko azterketak. Hego eta Ipar Euskal Herriko zinemetan euskara bermatuta dagoen jakiteko ikerketa abiatu zuen Kontseiluak bere garaian. Azterketa egiteko erakundeak zinema-aretoen webguneak, giza baliabideak (eserleku-zaina, txartel eta litxarre- ria-saltzailea), espazioa (sarreran, irteeran zein komunetan ageri diren argibideak) eta zinema-aretoetan banatzen diren doako aldizkariak kontuan hartu zituen.

Txaloak eta belarrondokoak

Azterketa abiatzeko kontuan harturiko ezaugarri horiek guztietatik, webgune, giza baliabide eta aldizkari gehienak erdaldunak zirela jaso dute. Ondorioz, Hizkuntza Eskubideen Deklarazioa eta Hego Euskal Herrian euskara berezko hizkuntza dela dioen legea ere ez da betetzen.

2006. urtean zehar euskarazko zinemak aurrera egin badu ere, «Kutsidazu bidea, Ixabel» eta «Nomadak TX» filmekin, besteak beste, Euskal Herriko zinemetan euskaraz egindako filmen eskaintza oso murritza da. «Aztertutakoen aukera apur horretan umeentzako filmak dira nagusi», azaldu zuten arduradunek. Horretaz gain, hamar film arrakastatsuenen artean, Kontseiluak ez du euskara arrastorik aurkitu.

Alde nabaria somatu du Kontseiluak Hego eta Ipar Euskal herriko zinema-aretoetan euskarari ematen zaion tratamenduaren artean. Horrela, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean jaso dira emaitzarik okerrenak. Huts egin duten zinema-aretoen artean honakoak ere badaude: Gasteizko Guridi, Usurbilgo Cinebox, Miarritzeko Le Royal, Hazparneko Haritz Barne, Baionako CGR, Angeluko Oscar, Donapaleuko Argitzen, Iruñeko Saide Carlos III, Iruñeko Golem La Morea, Tuterako Cinemax Oscar eta Vianako Las Cañas. Horiek guztiek ez dute puntu bakar bat ere lortu Kontseiluak martxan ipinitako neurketan.

Gipuzkoa izan da, bestalde, emaitzarik onenak lortu dituen herrialdea. Euskaldunon hizkuntza-eskubideekin begirunez jokatzen dutelako Kontseiluak bereziki zoriondu dituen zinema-aretoen artean Mungiako Torrebilela, Beasaingo Usurbe antzokia, Oñatiko kultur etxea eta Basauriko Sozial Antzokia aurkitzen dira.

BEGIRUNEZ

Euskararen Gizarte Erakundeak hizkuntza eskubideekin begirunez jokatzeagatik bereziki zoriondu ditu Mungiako Torrebilela, Beasaingo Usurbe, Oñatiko kultur etxea eta Basauriko Sozial Antzokia aretoak.

Jogurtaren etiketak neurketarako tresna

Hizkuntzaren erabilerari buruzko azterketa berezituak argitaratzeko helburuarekin sortu zuen Kontseiluak iaz «Kontseilutik» aldizkaria. «Euskararen unibertsoko hainbat esparrutan euskararen normalizazioa bultzatzeko tresna da aldizkaria», azaldu zuten arduradunek. Bertan jakinarazi zuten Kontseiluak aurrera eraman zuen lehen ikerketa.

Aldizkariaren lehen zenbakian jogurten etiketak aztertu zituzten. Neurketa horren bidez, jaki horietan euskararen presentzia eskasa dela frogatu zuen Kontseiluak. Oraingoan ere, ebaluazio horren jarraipena egin du Kontseiluak, «jogurten etiketetara itzuli gara egoera aldatu ote den ikusteko, eta marka gehienek euren etiketak aldatu ez arren, nor zoriondua ere badugu», aipatu zuten ordezkariek.

Hain zuzen ere, Kaiku jaki etxea zoriondu zuten etiketetan euskara txertatzeagatik; halaber, marka horren gainerako produktuetan ere euskara kontuan izan dezala eskatu zieten Kontseiluko ordezkariek esnekien enpresako arduradunei.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo