GARA > Idatzia > Ikusmira

Zinemazale euskaldunak, eskubideak urratuta

Euskaldunak ere zinemazaleak gara». Hitz horiek, Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politikoko arduradunak esandakoak, nabarmenkeria hutsa dirudite. Hala ere, badira enpresak eta herri erakundeak euskara bigarren mailako hizkuntzatzat jotzen dutenak eta, testuinguru horretan, hitz sinple horiek errealitate tristea eta salatzeko modukoa islatzen dute. Atzo Kontseiluak Iruñean aurkeztu zuen azterketaren emaitzen arabera, Euskal Herriko zinema-aretoetan Hizkuntza eskubideen deklarazioa ez da betetzen. Hego Euskal Herriko lurralde gehienetan, euskara hizkuntza ofiziala izanda ere, ez du zinematan beharko lukeen tokia betetzen, ezta hurrik eman ere. Zinema-aretoetan euskara bermatuta ote dagoen jakiteko abiatu zuten delako ikerketa eta emaitza, oro har, kaskarra izan da oso. Baina zenbait pertsonak, beraien hiztun eskubideak urratzen ez dituzten bitartean behintzat, hizkuntza eskubiderik ez dagoen uste osoa dute, eta enpresa askok ere uste horren arabera jokatzen dute. Euskal Herrian erdarazko filmak ikusteko aukera osoa dagoenez, ulertezinak gertatzen bide zaizkie bestelako eskaerak. Enpresa horiek kontsumitzaile guztien eskubideak izan behar dituzte kontuan, eta herri erakundeek, eskubide urraketa horiek ez gertatzea bermatzeaz gain, herri honetako hizkuntza arlo guztietan sustatu. Euren lana da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo