GARA > Idatzia > Mundua

Meningitisaren aurka laguntza eskatu dute Sudan, Burkina Faso eta Ugandak

Gaixotasunari aurre egiteko txertoak premiazkoak dituztela ohartarazi dute Sudango, Burkina Fasoko eta Ugandako gobernuek. Meningitisak ehunka lagun hil eta milaka kutsatu ditu hiru herrialdeetan. Horregatik, Osasunerako Mundu Erakundeari deialdi larria egin diote.

GARA |

Ugandako, Burkina Fasoko eta Sudango gobernuek meningitisari aurre egiteko laguntza deialdi larria egin dute. Izan ere, gaixotasunak eragiten dituen heriotzak sahiestu ahal izateko txertoak premiazko dituzte.

Meningitisa neguan ohiko gaixotasuna bada ere, aurten bereziki gogorra izan da eta ondorio larriak eragin ditu hiru herrialde horietan. 500 lagunetik gora hil dira jada.

«Txertoak behar ditugu. Osasunerako Mundu Erakundeari horiek bidaltzeko eskatu diogu. Une honetan, populazioaren zati batentzat soilik ditugu txertoak, 15.000 bat pertsonentzat. Hiru egun barru, txerto gehiago iristea espero dugu», azaldu zuen igandean Ugandako Osasun ministro Emmanuel Otaalak. Adierazpen horiek «The New Vision» egunkarian egin zituen. Gobernua, dena den, meningitisa garaiz topatzeko eta sendabide egokia eskaintzeko gai izan daitekeela uste du.

«Tratamendurako 1.400 dosi ditugu», azaldu zuen Otaalak. Kopuru hori oso txiki gelditzen da meningitisak Adjumani, Aura eta Nyadri barrutietan izan duen eragina kontuan izanik. Bataz beste, barruti bakoitzak 250.000 biztanle ditu.

Otaalak eman zituen datuen arabera, otsailean 110 lagun hil dira meningitisaren ondorioz eta gutxienez 3.000 kutsatu. Masindin gertaturiko heriotz batzuk balizko neumonia izurrite batekin lotura dutela ohartarazi zuen. Egoera horretan, inmunizazio kanpaina erraldoia ipini dute martxan Ugandan. 2 eta 30 urte bitarteko pertsonei zuzendua dago. Hala ere, adin tarte hori, behar izanez gero, handitu liteke.

Gaixotasuna Sudango hegoaldera ere zabaldu da. Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, 172 lagun hil dira urtarriletik hona.

«Iaz, 5.000 kasu baino gutxiago izan genituen lau estatutan soilik. Orain, aldiz, zortzi estatutara zabaldu da», esan zuen Nazio Batuetako ordezkari batek. Oraingoz, Sudango hegoaldean 1.800 kasu antzeman dira. Agintariek 800.000 txerto eskatu dituzte gaitza geldiarazteko.

Gaixotasuna Afrikako ekialdetik mendebaldera hedatzen ari da. Hala, Burkina Fasok laguntza deialdi horrekin bat egin du. Urtarrilaren bigarren hamabostalditik hona 258 pertsona hil dira eta 2.700 baino gehiago kutsatu. Herrialdeko 15 probintzietan inmunizazio kanpaina egin ahal izateko hiru milioi txerto behar dituela ohartarazi du Gobernuak. «Beti Burkina Fasoren alde egon diren bazkideei izurrite honekin lehenbailehen amaitu ahal izateko lagun gaitzatela hots egiten diegu», esan zuen Osasun ministroak.

500 hildako gora

«Txertoen beharrean gaude eta horiek bidaltzea eskatu diogu Osasunerako Mundu Erakundeari», azaldu zuen Ugandako Osasun ministroak. Hiru herrien artean 500 lagunetik gora hil dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo