Errugbia (Ohorezko B maila)
Hernanik igoera fasea geroz eta gertuago dauka
J.L | DONOSTIA
Hernanik geroz eta gertuago dauka Ohorezko Mailarako igoera fasea. Azkeneko jardunaldian sailkapenean postu bat atzetik duen taldea, Vigo, menderatu zuen 27 eta 19, eta Liga amaitzeko bost jardunaldi geratzen direnean, hamaika puntutako aldea ateratzen dio.
Hernani sailkapeneko bigarren postuan doa, eta lehen postua lortzea zaila izango badu ere, berdin lortuko luke sailkatzea, lehen biek jokatuko baitute igoera fasea, beste multzoko lehen bien aurka.
Mailako beste bi euskal taldeek, berriz, galdu egin zuten. Gernikak etxean 19 eta 27 galdu zuen, Alcobendas lehen sailkatuaren aurka eta Durangok, aldiz, 29 eta 10, Oviedora egin zuen bisitan. Aurten bi talde bizkaitarren helburua mailari eustea izango da.
Liga Federalean, berriz, ez da jardunaldirik jokatu Lehen Mailan, baina bai Bigarrengoan. Aspaldiko partez, maila horretan ari diren bi euskal taldeek irabazi egin zuten. Hala ere, emaitzarik bitxiena Donapaleuren partidan eman zen. Nafarroa Beherekoek 0-3 irabazi zuten Bazasen zelaian. Horrelako emaitza laburra ez da oso ohizkoa izaten, baina garaipenak berdin balio du. Bokalek, aldiz, 27 eta 3 irabazi zion Casteljalouxi.
Hirugaren Mailako emaitzak: Bardoze 9 / Corraze Nay 0; Angelu 12 / Hendaia 18; ASB 30 / Rion des Landes 10; Mugerre 20 / Senpere 3 eta Lembeye 19 / Larresoro 10.