GARA > Idatzia > Kirolak

Pilota Berezkoen Bakarkakoa

Ezkurrak egun daudenetan onena dela baieztatu du

Urruñako atzelariak 25 urte besterik ez ditu eta jadanik bi txapelen jabe egin da. Asko dira Martiarenak duen marka apurtuko duela uste dutenak

Jon LEUNDA | BAIONA

Bakarkako Txapelketa amaitu da eta, Binakakoa abiatu aitzinetik denbora asko geratzen ez bada ere, zaleak eta antolatzaileak buruz burukoak eman duenaren ausnarketa egiten ari dira.

Lehiaketa horrek ondorio dezente utzi ditu eta, agian garbiena, Paxkal Ezkurraren nagusitasuna izan da. Urruñako atzelariak argi eta garbi utzi du gaur egun dagoen onena dela. 25 urte besterik ez ditu, baina jadanik bi txapelen jabe egin da eta, askoren ustez, berak apurtuko du Martiarenaren marka. Milafrangakoak bederatzi txapel ditu etxean, beste inork baino gehiago, eta inork bere marka apurtzekotan, Urruñakoak hautsi beharko luke.

Paxkal pilotari handia da. Bi esku bikain ditu eta trinketean ederki mugitzen da. Partida ere beste inork baino hobeto irakurtzen du. Pasa den larunbateko finalean ere markagailuan atzetik zenean garbi ikusi zuen aurrean jokatzen hasi beharra zeukala; horixe lortu zuen eta, amaieran, baita txapela ere.

Buruz ere bikaina da, eta hori ederki ikusi zen Pauen jokatu zen finalerdian. Partida ia galduta izan zuen, baina lanean jarraitu, eta buelta emateko gai izan zen. Ahalmen guztiak ditu pilotan aritzeko, eta berari txapela kentzea denei kostako zaie.

Partidak nolakoak izan diren esaterakoan, argi eta garbi ikusi da, pilotarien artean alde handiak daudela. Onenak finalerdietatik aitzinera ikusi ahal izan dira. Finalerdietako bi partidak ederrak izan ziren, eta baita finala ere.

Kezkatzekoa izan den beste kontu bat, zaleen erantzuna izan da. Finalerdiak bitarte nahiko erantzun eskasa izan da. Badirudi jendea betiko pilotariak ikusten aspertu egin dela, eta zerbait berria nahi duela. Finalean bertan ere aurten izan dena baino jende gehiago izan ohi da. Egia da, trinketean Binakakoak jende gehiago mugitzen duela eta Bakarkako finalean Moderne ez dela inoiz betetzen, baina eskuineko aldean ere normalean baino hutsune gehiago izan ziren.

Zaleek nahi duten berritasun horietako bat Binakakoan helduko da, Waltari kubatarra arituko baita. Etxeto izango du lagun atzean, eta jendea bera ikusteko gogoz dago.

Lehiaketako berrikuntzen artean bi trinkete izan dira. Maulekoa, 13 urtez itxita egon ostean, berriro zabaldu dute, eta final-laurdenak ikusteko bete ez bazen ere jendeak erantzun ona eman zuen. Eraberritutako trinketea dotorea da, eta hemendik aitzinera partida garrantzitsu asko antolatzeko modua izango da han. Kezkarik gehien Paueko trinketeak ematen zuen, inoiz ez baitzen Euskal Herritik Txapelketako partidarik atera. Trinketea ederra da, eta jendeak ere erantzun egin zuen, harmailak bete egin baitziren.

amaiera polita

Bakarkako Txapelketako lehen kanporaketetakoak ez ziren partida onak izan, baina finalerdiak eta finala, oso politak izan ziren. Garbi geratu zen onenak heldu zirela amaierara.

Trinkete berriak

Txapelketa honetan Maulen eta Pauen ere izan dira partidak. Zuberoako hiriburuan hamahiru urte eta gero lehiaketako neurketa bat jokatu da, tarte horretan trinketea itxita izan baita. Biarnon berriz, lehen aldiz izan dira partidak, eta bietan erantzun oso ona jaso dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo