Zortzi liburuxka berri plazaratu ditu «Bidegileak" bildumak
Txomin Jakakortexarena, Balendin Enbeita, Pello Sarriegi, Josune Munitxa, Mikel Garmendia, Agustin Anabitarte, Karmen Balentziaga eta Begoña Bilbao «bidegileei" liburuxka bana eskaini die oraingoan Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.
GARA | DONOSTIA
Mikel Atxagak zuzentzen duen «Bidegileak» bildumako 43. eta 46. sortak aurkeztu zituen atzo Donostian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.
2006an mendeurrena zuten lau bidegilek osatzen dute 43. sorta, zehatz-mehatz, Txomin Jakakortexarena misiolari eta olerkariak, Balendin Enbeita bertsolariak, Pello Sarriegi antzerkigile eta dantzariak eta Josune Munitxa irakasleak. Liburuxkak Xabier Kintanak, Jon Enbeitak, Pako Sudupek eta Beñat Gaztelu-Urrutiak osatu dituzte, hurrenez hurren.
46. sortako protagonistak, berriz, bi idazle eta bi aktore dira, Agustin Anabitarte eta Begoña Bilbao, alde batetik, eta, bestetik, Mikel Garmendia eta Karmen Balentziaga. Liburuxken paratzaileak, berriz, Gotzon Egia eta Joseba Iriondo izan dira, idazleen kasuan, eta Nerea Azurmendi eta Aitor Manterola, aktoreenetan.
Interneten ere irakurgai
«Bidegileak» bildumaren bidez, euskalgintzan aitzindari izan diren pertsonak eta taldeak ezagutzera eman nahi du Lakuak. Bilduman azaltzen diren lagun batzuk oso ospetsuak dira, beste batzuk, ordea, ezezagunak jende gehienarentzat; baina guztiak euskararen alde zintzo lan egindakoak dira. Bilduma osatzen duten liburuxken bidez, bidegile horien pentsaera, bizitza eta lana modu ulergarrian eta atseginean islatzen saiatzen dira. Hori lortzeko, material grafiko ugari erabiltzeaz gain, testuen idazketa adituen esku geratu ohi da.
Atzo aurkezturiko liburuxka berrien 2.100 ale inprimatu dituzte eta, dendetan ez ezik, ikastetxe, liburutegi eta beste zenbait lekutan ere banatuko dituzte. Horrez gain, www.euskara.euskadi.net helbidean daude irakurgai, orain arte argitaratutako gainerako sortekin batera.
Txomin Jakakortexarena (Berastegi, 1906-1993); Balendin Enbeita (Muxika, 1906-1986); Pello Sarriegi (Hernani, 1906-1968) eta Josune Munitxa (Abadiño, 1947-2002) dira 43. sortako protagonistak.
Mikel Garmendiak (Ordizia, 1945-Donostia, 2005); Agustin Anabitartek (Donostia, 1891-1981); Karmen Balentziagak (Zumaia, 1922-Donostia, 2000) eta Begoña Bilbaok (Bermeo, 1932-2005) liburuxka bana dute.