SURF
«Top44an sartzea da helburua eta orain hurbilago ikusten dut"
SURFLARIA
21 urte bakarrik izan arren, Aritz Aranburu zarauztarrak Hang Loose Pro txapelketa irabazi zuen otsailaren 11an Brasilgo Fernando de Noronha hondartzan. Bost izarreko lehiaketa bat irabazten duen lehen euskalduna da eta bertan eskuratutako 2.500 puntuei esker WQS zirkuituko -bigarren maila dela esan dezagun- lidergoa eskuratu du. Urrats garrantzitsua munduko 44 onenen artean sartzeko bidean.
Asier AIESTARAN |
Harrigarria da lortzen ari denak lortuta, Aritz Aranburuk beti erakusten duen umiltasuna eta lasaitasuna. Zarauzko Surf Elkartearen lokaletan hartu gaitu eta, bidaia berri baten bezperan, Brasilgo gertaera eta oroitzapenez hitz egin dugu zarauztarrarekin.
Hiru aste pasa dira Fernando de Noronhako proba irabazi zenuenetik. Jadanik lainotik jaitsi zara ala oraindik erabat ez?
Baietz esan beharko. Oso polita izan da, oroitzapen asko eta oso onak dauzkat oraindik, baina txapelketa hura amaitu zen eta jada hurrengoan pentsatzen hasi beharra daukat. Garrantzitsuena garaipen horrek aurrera begira ematen didan motibazio extra hori da, irabazteko gai naizela ikusi baitut. Baina zuk esan bezala lehenbailen lainotik jaistea komeni da, denboraldia hasi besterik ez baita egin eta asko geratzen da oraindik.
Puntu eta sari hutsetatik harago, zein oroitzapen nabarmenduko zenuke?
Itzulera oso hunkigarria izan zen. Aireportuan familia eta lagunak nire zain egotea, txalaparta ere eraman zuten, ez dut erraz ahaztuko. Gero Zarautzen ongi-etorri txiki bat ere egin zidaten eta horrek ere ilusio handia egin zidan. Etxera itzuli eta lagunak hor daudela ikustea beti izaten da poztekoa.
Teknologiak modu harrigarrian egiten du aurrera eta jende mordoak jarraitu zuen txapelketa zuzenean internet bidez.
Hori ere ikaragarria izan zen. Nik orduan ez nion arreta gehiegi ipini, uretara sartu eta irtenez zabiltzalako, oso kontzentratuta, baina azkenerako speaker brasildarrak ere euskaraz ikasi zuen, jendeak Euskal Herritik internet bidez bidalitako mezuak zuzen-zuzenean irakurtzen zituelako hondartzan bertan. Oso dibertigarria izan zen.
Lehiaketari dagokionez, zer izan da zuretzat maila horretako proba bat irabaztea?
Ikaragarria da. Esan beharra dago dena ongi irten zela. Oso seguru sentitu nintzen nire buruarekin eta konfiantza maila oso altuarekin iritsi nintzen azken txanda erabakigarrietara. Aurrera begira horrekin geratu nahi dut, surflari lehiakorraren itxurarekin.
Txapelketa ikusi zuten guztiek horixe komentatu didate, Txanda bakoitzean erakutsi zenuen esperientzia eta odol hotza.
Bai, bai. Lehiaketa hasi aurretik oso argi neukan zer egin behar nuen eta horrek asko lagundu zidan. Behin ongi irteten bada, zergatik ez bi aldiz. Bide beretsutik jarraitu nuen eta azkenean, finalean sartu eta gero, lan horrek bere saria izan zuen.
Txapelketa irabazi ostean, zure entrenatzailearentzat hitz oso bereziak izan zenituen.
Aitor Francesena. Eskertzen atalean aipatu nuen lehen izena berea izan zen. Hasiera-hasieratik nirekin dago honetan, niganako duen dedikazioa oso handia da eta argi daukat bera gabe gauzak oso ezberdinak izango liratekeela. Nire ibilbide profesionalean gehien bolkatu den pertsona da.
Joan aurretik esan zenuen Brasilgo olatuak ongi egokitzen direla zure surf estilora.
Fernando de Noronhako olatuak indartsuak dira, ez bereziki handiak tamainaz, baina potentzia handikoak. Noizean behin tuboren bat ere irtetzen da eta esker oneko olatuak direla esan daiteke. Lehen egunetan kondizio hobeak izan genituen arren, alde horretatik aitzakiarik ez.
Eta azkenaldian Brasildik irteten diren surflari gazteak ikusita, garaipenak balio bikoitza du.
Zalantzarik gabe. Kontutan izan behar da Brasilen sekulako maila duten surflari gazte pila daudela. Oso gutxik lortzen dute babesle potenteren bat mundu mailan lehiatzeko eta besteek etxeko probetara mugatu behar dute. Babesleak lortzeko lehia horrek maila ikaragarri igotzen du eta, adibidez, finalerdietan sartu ginen lau surflarien artean brasildarra ez zen bakarra ni nintzen. Speakerrak ere esaten zuen: «Sólo nos queda uno». Hala ere, esan beharra daukat oso ongi tratatu nindutela.
WQSko rankingean lehen postuan jarri zara. WCTra (top44) begiratzeko ordua iritsi al da?
Kontua da denboraldia hasi aurretik ere jada nire helburua top44ean sartzea zela eta argi dago garaipen honekin helburu zail hori eskurago ikusten dudala. Erraza ez, erraza ez delako izango inoiz, baina ikusten dut bidean nagoela eta gauzak ongi eginez gero lortu dezakedala. Bi hilabete bakarrik pasa dira, oraindik beste hamar dauzkat aurretik, eta lan asko egin beharko dut gora heltzeko.
Elkarrizketa hau Tafallan edo Gasteizen ere irakurriko da. Mezu bat jendea surfera hurbiltzeko.
Asko ari da zabaltzen. Udan telebista piztu eta hamar iragarkitik bostetan surf taula bat ageri da. Aukera asko daude: surf eskolak, materiala alokatzeko edo erosteko dendak... Itsasoak urteko 365 egunetan egiten du lana eta bertaratzea besterik ez dago.
Eneko Acero bizkaitarrak irekitako bidetik, gero eta gehiago dira mundu mailako lehiaketetan buru-belarri sartuta dabiltzan surflari euskaldunak. Gainera, WQS zirkuitua Zarautza itzuliko da zortzi urteko hutsunean eta gero.
Denboraldiko zazpi proba onenak hartzen dira kontutan azken sailkapenerako. Zenbat txapelketa egingo dituzu?
Egutegian iaz baino txapelketa dezente gehiago sartu dituzte aurten zirkuituan. Nik guztira 25 bat probatan hartuko dut parte, baina puntuak proba bakoitzak dituen izarren arabera banatzen direnez, horietatik 15 bat izango dira garrantzitsuenak azken sailkapenari begira.
Eta horien artean, hain justu, aurreko astean aurkeztu zenuten Zarauzko txapelketa. Hiru izarrekoa izango den arren, etxean lehiatzea pozgarria izango da noski.
Beno, hasieran izar bakarrekoa egitea pentsatua zegoela kontutan hartuta, hiru izarrekoa ez dago gaizki, are gehiago, zortzi urteko hutsunea eta gero. Berriz hutsetik hasteko oso kopuru ona da. Niretzat berezia izango da. Txikitan, kanpotik ikusten genuenean, askotan pentsatzen nuen zer sentituko ote zen horrelako lehiaketa batean parte hartzean. Orain hori probatzeko aukera izango dut emaitza polit bat lortzeko asmoarekin.
Gainera, zu bakarrik ez, beste hainbat zarauztar ere hortxe dabiltza lehiaketa garrantzitsuenetan.
Hori da. Hodei Collazo lan oso ona egiten ari da azkenaldi luze honetan eta gure atzetik ere etorkizun handiko beste hiru edo lau surflari badatoz herrian. Eta Euskal Herriko beste hondartzetan ere gazte oso onak daude eta hori pozgarria da.
Eta orain, denborarik galdu gabe, Australia aldera zoaz. Hitz gutxitan laburbilduz, zein da plana?
Aurreneko bi asteak entrenamendu gisara hartuko ditut. Quicksilver nire babesleak Gold Coasten antolatzen duen WCTko txapelketa bat ikustera joango naiz lehenik, bertako surflariengandik ahal dudana ikastera, eta gero Sidneyn bi txapelketa dauzkat: Newcastle eta Sandy. Eta hortik Perthera hegaldi bat hartuko dut, mendebaldeko kostaldera. Autoan handik hiru bat ordura dago Margaret Rivereko kostaldea eta han sei izarreko txapelketa garrantzitsu bat daukat. Ezin da atsedenik hartu, txapelketetan pentsatzen nago jada.