GARA > Idatzia > Mendia

eski alpinismoa Andres de Regil

Euskadiko kopa hau izan oteda?

Hiru proba jokatu dira, azkena pasa den asteburuan. Onenen artean Izaskun Zubizarreta, Joseba Ormazabal eta Joseba Tobar egon dira.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Aurtengo eski alpinismoko hemengo denboraldi ofiziala amaitu dela esaten hasi beharko dugu. Horrekin esan nahi dugu lehiaketa probak amaitu direla. Guk dakigunez, bederen, ofizialki soilik Euskadiko Txapelketa antolatu da: otsailaren 3 eta 4an Luz Ardidenen zein Gavarnien jokatutako «Derby 3000 Gavarnie». Kopari dagokionez, bestalde, beste bi hitzordu izan dira: «Rally Valle de Aragon» (otsailaren 25ean) eta pasa den larunbatean Europako Mendietan izan zen «Andres de Regil» saria. Baina bi proba hauek ofizialak izan ote dira? Inork ez digu sailkapen ofizialik helarazi. Nortzuk irabazi dute? EMFren txartela dutenek soilik? Parte hartzen zuen orok? Euskal Herrikoak ez direnek ere? Egia esan behar badugu, inork ez digu hori argitu. Horrela bada, bi lasterketen ardura norena izan da? Euskal Mendizale Federazioarena? Eski alpinismoko zale batzuena? Galdera horiek guztiek erantzunik ez dutela dirudi.

Bitartean, bi hitzordu horietan gertatutakoaren berri emango dugu, kirolaren ikuspuntutik eman dutena, hain zuzen ere. Arestian aipatu dugun legez, Euskadiko Koparen bigarren proba Astunen jokatu zen otsailaren 25ean: «XI Rally Valle de Aragon». Espainiako Kopako (hau ofiziala zen) baliagarria zenez, Estatuko espezialista onenak bertaratu ziren. Eguraldiarekin ez zuten zorterik izan, hotza, euria, elurra eta haizea protagonistak izan zirelako. Egoera hori zela medio, ibilbideetan hainbat aldaketa egin behar izan zituzten antolatzaileek. Neskena, adibidez, motzagoa egin behar izan zuten. Eta jakina, aurtengo denboraldi guztian gertatu den bezala, elurra nahiko eskasa izan zen. Hala ere, eskiatzaileek emandako maila oso ona izan zen, eta lasterketak emozio handiz bizi izan ziren.

Lehia biziak

Emakumezkoen mailan aipatu behar dugu egoera negargarria dela. Lehiaketen alde apustu egiten dutenak oso gutxi dira. Beste era batera esanda, ez dago lehiakiderik. Euskadiko Txapelketan, adibidez, dozena erdira ez ziren iritsi. Astungoan, aldiz, bakarra: Izaskun Zubizarreta. Hori bai, eskiatzaile honen maila primerakoa da. FEDMEren zirkuituan parte hartzen ari diren lehiakide guztien gainetik dago, eta Aragoiko proba honetan ere bera nagusitu zen. Nesken proba guztiak irabazten ari da, eta argi asko uzten ari da bai hemengo bai Estatuko lehiakide indartsuena dela.

Mutiletan, bestalde, nolabaiteko ezustekoa izan zen: euskal eskiatzaile onenak, Joseba Ormazabalek, ez zuen irabazi. Lasterketa osoan aurretik joan zen, baina foka larruen aldaketarekin arazoa izan eta denbora asko galdu zuen. Zoritxarreko egoera hori ondo baino hobeto aprobetxatu zuen Joseba Tobarrek, eta azkenean, helmuganbera izan zen lehenengo euskal eskiatzailea. Proban 21.a izan zen. Fernando Monasterio bigarren postuan sailkatu zen eta Xabier Urkizu hirugarrena izan zen. Ormazabalek laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Koparen hirugarren eta azken proba pasa den asteburuan jokatu zen. Aurrekoak ez bezala, Europako Mendietan antolatu zen: «Andres de Regil» saria. Hitzordu honetan ere eguraldiak ez zuen lagundu. Hori dela eta, aurreikusita zeuden bi probetatik bat bertan behera utzi zen. Binakakoa, larunbatekoa, jokatu zen, baina, haize bortitzaren ondorioz, kronoigoera ez zen jokatu. Binakakoan lainoak agertu ziren baina, oro har, ez zuten eragozpenik jarri. Elurrak ere ez zuen lasterketa desitxuratu. Guztira, 50 bikotek baino gehiagok hartu zuten parte, horietako batzuk euskal ordezkariez osatuak.

Gure ordezkariei dagokienez, nesken mailan, Zubizarretak ez zuen parte hartu. Ruth Saenz eta Elena Fernandez de Retanaren taldea lehena izan zen helmugaratzen. Mutiletan, bestalde, Ormazabalek eta Tobarrek osatutako bikotea gailendu zen. Horien atzetik Aitor Otxoa eta Arkaitz Letamendi geratu ziren.

Aurtengo Euskadiko Kopan Zubizarreta, Ormazabal eta Tobar izan dira onenak, bina garaipenekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo