GARA > Idatzia > Mendia

ESKALADA Kateatzea

Ines Papert Misto deportiboan gizonen mailara iritsi den emakumea

Pasa den otsailaren 9an, eskalatzaile alemanak «Law and order" bidea (M13) kateatu zuen. Zailtasun hori oso eskalatzaile gutxik erdietsi dute. Orain arte gizonezkoak ziren guztiak.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Ines Paperten kasua berezia da oso. Eta berezia diogu munduan zehar hain maila handia eman duen emakumezko bat ikustea zaila delako. Horietako bat alemana dugu. Alpinista osoa dugu, hots, espezialitate guztietan (batez ere jarduera oso teknikoetan) ondo baino hobeto murgiltzen da: bai mendi garaietan, bai izotz eskaladan, bai arrokan, bai misto deportiboan...

Hain zuzen ere, azken adar horretan lurrikara garrantzitsua eragin du. Izan ere, Austriako Diebsofen eskolan Law and order bidea kateatu zuen otsailaren 9an. Bere lehenbiziko M13-a da, inoiz emakumezko batek dry-tooling edo misto deportiboan lortu duen zailtasun gorena. Horrez gainera, gizonezko gogorrenen mailara iritsi da. Horrela esanda, hemen, Euskal Herrian, dugun irudi bat ekartzen du geure gogora: Josune Bereziartu eskalatzailea. Bai Bereziartu kirol eskaladan eta bai Papert misto deportiboan mutilen zailtasun maila handienera iritsi dira. Arestian esan dugun legez, duela hilabete lortu zuen «leherketa» hori. Europako bide zailenetarikoa dela diote espezialista indartsuenek eta, orain arte bederen, inork ez du gradu hori jaitsi. Markus Bendler-ek zabaldu zuen Law and order bidea. Iazko neguan izan zen. Berrogei metroko garaiera du, eta horietako hogeita hamar metrok erori basatia dute. Zailtasuna zein bidearen ezaugarriak ikusita, normala da bideak oso errepikapen gutxi izatea. Horietako bi Harald Berger zenak eta Mauro Bole Bubu-k sinatu zituzten; lehenak, iazko urtearen amaieran eta bigarrenak aurtengo otsailaren hasieran.

Kontinente Zaharreko izar nagusietarikoa da Bendler-en bidea, eta badirudi, hala ziurtatu dutenez, Europan dagoen M13 zailtasuneko bigarren marra dela. Lehenak, Game Over du izena. Albert Lechfried austriarrak sortu zuen Innsbruck-en; hain zuen ere, 2005eko neguan.

Arroka, mistoa, izotza...

Law and order errepikatu ondoren, Papert munduko espezialista onenen (den-denak gizonezkoak) pare jarri da: Berger, Bubu, Bendler, Leichfried, Will Gadd, Robert Jasper... Nahiz eta M13 zailtasuna nahiko indartua dagoen, oraindik beste proposamen batzuk argitzeke daude. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka bada ere, dry-tooling-aren graduak indartzen ari dira. Adibideak badira. Bendler-en Hells Angels Paradise (Scheleier ur-jauzietan, Tirol) M14- bezala agertzen da. Hori, nahiz eta ez zuen kateatu, Bergerrek berak proposatu zuen. Rich Purnellen Alcatraz (Glenwood Canyon, Colorado), berriz, M14tik M13ra pasa da. Gadd kanadarraren The Game (M13, Alberta) eta bere bertsioa Reload (M13+), bestalde, ziurtzat ematen dira. Hori da gaur egun misto deportiboak bere maila gorenean duen egoera. Horrela bada, argi asko ikus daiteke Papertek eginikoa benetako aportazioa dela.

Eskalatzaile alemanak 33 urte ditu. Berez, izotz eskaladako txapelketetan hartu zuen izena; izan ere, Munduko txapelketa batzuk, Munduko Kopan makina bat proba eta munduko ekitaldi pribatu entzutetsuenetan lehiaketa asko irabazi ditu. Lehiaketetatik kanpo ere, eta izotz eskaladan jarraitzen dugu, zailtasun handiko bideak egin ditu; gizonezkoen parekoak.

Baina, hasieran aurreratu dugun bezala, alpinismoaren ia adar guztietan maila handia du. Kirol eskaladan, adibidez, 8b-ra iritsi da. Paretan ere sendo ikusi dugu; iaz, Dolomitetan 8b egin zuen (Camillotto Pellesier, 350 m). Yosemiten izan da, eta, bere herrialde hotzetik ihes egiteko-edo, Andaluziara bidaia asko egin ditu. Pasa den urtarrilean, Stefan Siegristekin batera, 180 metro eta sei luzeko Muchachito bombo infierno bidea (7c+) zabaldu zuen.

Mendi garaiak ere gustuko ditu: Aconcagua, Mendilerro Zuria... Baina, inolako zalantzarik gabe, dry-tooling-a da bere benetako «jolasa». Erabat aske sentitzen da, eta bere libretan hamar bat M10 eta hiru M11 sinatu ditu, besteak beste; guztiak, gainera, ospe handikoak: Mission impossible, Vertical Limit, Tomahawk... Law and order bideak, berriz, beste dimentsio batera eraman du.

Azken asteotan, azkenik, eta «lurrikara» hori eragin ostean, bere kide batekin gogoratzeko astia izan du. Berger zenaren laguna zen, eta haren omenez Lechtfried, Bendler eta Audrey Gariepy kanadarrarekin Islandiako hainbat alderditan izotzezko marra gogorrak igotzen eta zabaltzen ari da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo