GARA > Idatzia > Kultura

«`Eutsi!', euskaraz eta hemen gauza biribilak egin daitezkeen" seinale

Ostiralean, etzi, Euskal Herriko zinema aretoek «Eutsi!" filmaren estreinaldia hartuko dute. Prentsa emanaldian aurkeztu zuten atzo Donostian, eta Alberto J. Gorritiberea zuzendariarekin batera Asier Hormaza, Anjel Alkain, Kandido Uranga eta Nagore Aranburu aritu ziren gero filmaren gainean solasean. Drama soziala eta komedia puntuak dituen lana euskaraz sortu, eta gaztelaniazko azpitituluekin aurkeztu dute. Madrilera eta Bartzelonara ere bidaiatuko du.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Kepa (Anjel Alkain) eta Martin (Asier Hormaza) haurtzaroko lagun minak dira, txirrindularitzazaleak. Berrogeina urte inguru dituzte eta lan egiten duten enpresa, Saldix Corp., bi urtez dabil gatazkan langileekin. Enpresa beste nonbaitera eramango duten zurrumurrua zabaldu denean, Martin aita izateko puntuan dago, eta krisialdi batean sartuko da. Bi lagunak ika-mikan hasiko dira Kepa langabeziak sortutako egoerara egokitu baita. Beren adiskidetza kolokan dagoenean helburu bat sortuko da: beren protestak Frantziako Tourrera eramatea.

«Eutsi! Dena galdutzat ematen duzunean...» filma ostiralean estreinatuko dute Euskal Herrian, euskaraz, eta gaztelaniazko azpitituluekin -ez du-eta gaztelaniazko bertsiorik-. Aipatutako argumentuan oinarrituta, Alberto J.Gorritiberea zumaiarrak zuzendu du zinemarako egin duen lehen film luzea, eta gidoia elkarlanean idatzi du Unai Iturriagarekin.

Jakinarazi zutenez, bestalde, Madrilera eta Bartzelonara ere eramango dute gero lana. Betiere ahalik eta hedapen handiena izan dezala lortu nahian. Hormazak honakoa adierazi zuen: «Deslokalizazioaz hitz egiten du filmak, eta ez genuke nahi profesionalek ere hori pairatzea. Oscarrak dituzten pelikulekin batera gaude karteldegian, eta guk, momentuz, beste liga batean jokatzen dugu. Baina hemen gauza on eta biribilak egin daitezkeela erakutsi nahi dugu». Zuzendariak ere horretan sakondu zuen: «Bertako zinema industria txikiaren, zinema propioaren, normalizazioan beste urrats bat da».

Oihana Maritorenak (Zuriñe-ren paperean), Jokin Oregik (Iñigo) eta Iñaki Rikartek (Xabier) osatzen dute lantalde artistikoa, atzo Donostian egon ziren Alkain, Hormaza, Aranburu eta Kandido Urangarekin batera. Aski ezagunak diren aktore horiek komedia ukitua ematen diote «Eutsi!»ri, baina zuzendariak eta aktoreek ez dute filma genero zehatz eta bakar batean sartu nahi.

Pertsonaiak nola, generoa hala

Hormazak honakoa gogorarazi zuen: «Funtzionatzen duten istorioak beti dira komedia, bai, baina beste zerbait ere eskaintzen dutenak izaten dira. Honek ere hori nahi du; ez da komedia hutsa, baina drama hutsa ere ez. Tentazioa egon liteke gure izenak ikusita komedia bat dela pentsatzeko, baina publikoak erabakiko du zer iruditzen zaion. Bide berriak ireki nahi genituen».

Gorritibereak esan zuen ideia orain bi urte sortu arren, lauzpabost hilabetean idatzi zutela gidoia. Asmoa izan da pertsonaiak, gutako edonork ezagut ditzakeenak, «unibertsalak» izan daitezkeen gertuko egoeretan «lantzea», erantsi zuenez. Hartara, pertsonaia bakoitzak bere generoa aurkezten du filmean, egoerei aurre egiteko jarrera ezberdinak agertuta. «Generoa tresna bezala erabiltzea izan da, ez proiektu bezala, pertsonaiek transmiti dezaten», esan zuen zuzendariak.

Antzezleek «abentura honetan» gustura ibili direla aipatu zuten; batik bat zuzendariaren lana gorarazi zuten giro onean aritzeko eta ekarpenak egiteko aukera izan baitute. Kandido Urangak, esaterako, «plazerra» izan dela esan zuen. Gorritibereak, berriz, taldearekin «asko» ikasi duela ziurtatu zuen. Etorkizunean beste film bat egitea ez duela baztertzen esan zuen.

Bestalde, etzi, Elkarren Bilboko egoitzan, filmaren hiru kanta biltzen dituen DCa aurkeztuko dute, eguerdian.

GERTUTASUNA

Barre algaren artean drama sozialak ere pisua hartzen du filmean. Azken batean, gertukoak diren pertsonaiak eta egoerak aurkezten ditu. Adiskidetasuna, lan gatazkak, zaletasunak, maitasuna, 40 urteen bueltako «krisialdiak»...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo