Hizkuntza politikari buruz hausnartzeko jardunaldia eginen du UEUk martxoaren 23an
Maider IANTZI |
Udako Euskal Unibertsita- teak jardunaldia antolatu du heldu den martxoaren 23rako, euskara zabaltzeko eta normalizatzeko lanean ari diren eragileei hitza emateko asmoz. Hizkuntza politikak 25 urteotan gizartean zein eragin izan duen hausnartuko dute Donostiako Kursaalen bildutako ehun pertsonek. Ainhoa Latatu koor- dinatzaileak atzoko aurkezpenean jakinarazi zuenez, ekitaldi irekia izanen da, hizkuntza biziberritzea nahi duen jende guztiari zuzendua, parte-hartzean eta eztabaidan oinarritua.
«25 urte dira dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoan, eta urte batzuk geroago Nafarroan, Konstituzioaren peko autonomia estatutuetatik abiatuta euskararen ezagutza eta erabilera arautzeari ekin zitzaiola, elebitasun dekretuen bitartez. Ipar Euskal Herrian ez da oraindik horien pareko legerik garatu, nahiz eta berriki Euskararen Erakunde Publikoak lehen urratsak egin dituen», adierazi zuen UEUko zuzendari Lore Erriondok.
«Aurrerapauso garrantzitsuak» eman badira ere, oraindik normaltasunetik urrun gaudela uste du. Horregatik iruditzen zaio komenigarria urratutako bidearen inguruan hausnartzea eta etorkizunean nola lan egin erabakitzea. Hori dela-eta emanen diete hitza euskara sustatzeko lanean ari diren eragileei eta gaia interesatzen zaien herritar guztiei Kursaaleko ekitaldian. Lau zati izanen ditu jardunaldiak: erakunde publikoak, «euren esku dagoelako ildo estrategikoak, legeak eta abar landu eta ezartzea»; hezkuntza, «umeak etorkizuna diren neurrian ume euskaldunak gizarte euskaldunaren oinarri izango dire- lako»; hedabideak, «euskara komunikazio tresna delako», eta gizarte eragileak, «horien esku gelditzen delako hein handi batean etengabe aldatzen ari den gizarteari pultsua hartzea».
Helburua hausnartzea denez, mahai inguru gisako saioak prestatu dituzte, denen ahotsak aditu daitezen eta oinarria eztabaida izan dadin. Baina arlo bakoitzeko ordezkarien ekarpenak hartuko dituzte abiapuntutzat.
Lehenbiziko mahai inguruan Patxi Baztarrika Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Jean Claude Iriart Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria solastatuko dira; bigarrenean, Lakuako Hezkuntza Berriztatzeko zuzendari Juanjo Agirrezabala, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko Erramun Osa eta Gipuzkoako kristau eskolako Mikel Ormazabal. Hurrengora ETBko zuzendari Bingen Zupiria, EKTko Joan Mari Larrarte, «Argia»ko Pello Zupiria eta «Goiena»ko Iban Arantzabal gonbidatu dituzte; eta azken solasaldira, berriz, Kontseiluko Xabier Mendiguren, EMUNeko Dani Larrea, Elhuyar Fundazioko Itziar Nogeras, Topaguneko Karmen Irizar eta UEUko Lore Erriondo.