GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bologna prozesuaren aurka hilaren 29an greba egingo dute unibertsitate-ikasleek

Duela bi urte bezala Ikasle Abertzaleak taldeak greba orokorra egingo du hezkuntzarako kaltegarria dela prozesuaren kontra. Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleei protestarekin bat egiteko deia egin zien.

GARA |

Ikasle Abertzaleak taldeak Euskal Herriko unibertsitateetako ikasleen egoera jasangaitza izaten jarraitzen duela eta, bere ezinegona adierazteko deia egin zuen. Duela bi urte arrazoi berarengatik egin zuen greba oroitarazi zuen, geroztik ezer ere aldatu ez eta gainera egoerak oke- rrera egin duela salatu zuen.

Bolognako Prozesuaren deklarazioa 1999an sinatu zen, Europa osoko unibertsitate eremuak lotzeko mekanismoak ezartzen zituen manifestuan oinarriturik, Ikasle Abertzaleak jakinarazi zuenez.

Egitasmo hori nola sortu zen ere azaldu zuen: «Duela 50 bat urte Europa bateratzeko asmo espantsionista abian jarri zen. Merkantzien mugikortasun askearen aitzakian, zenbait eremutara iritsi da politika hau, eta egun, goi mailako hezkuntza esparrua ere sare horretan bahitua ikus dezakegu». Bere hitzetan, Bolognako Prozesua izan zen aipaturiko sare horrek unibertsitateak hartzeko egin zuen ekimena.

Ikasle-eskubideen urraketa

Prozesuaren inguruan taldeak egin zuen balorazioa guztiz negatiboa da; alde batetik ezkutukeria salatu zuen, egitasmoaren atzean dauden interesak gordetzen direlako, eta bestetik, ikasleen eskubideak urratzen dituen mekanismoak arautzen dituelako. Egoera hori ez dela unibertsitateetara mugatzen eta Euskal Herri osoan gertatzen dela adierazi zuten: «Lapurdin edo Bizkaian, DBHn edo Lanbide Heziketan. Euskal Ikasleon Eskubideen Kartan jasotzen diren eskubideak sistematikoki urra- tzen dira lurralde osoan eta ikas-adar guztietan».

Duela bi urtetik hona egin diren mobilizazio ugarirei agintariek entzungor egin dieten arren, ikasleak ezin direla «besoak gurutzaturik gelditu» ohartarazi zuen IAko ordezkariak. «Eskubide urraketa bakoitzean zutik eta tinko» agertzea guztiz beharrezkoa dela nabarmendu zuen.

Hori dela eta, martxoaren 29an unibertsitateetako ikasle guztiei deia egin zien «Ikasle borrokaz lortuko dugu! Bologna gelditu!» lelopean egingo den greba orokorrera batzeko.

Hezkuntza merkantilizatu, homogenizatu eta pribatizatu

Bolognako Prozesuak hezkuntzari egingo dizkion ekarpenak gaitzetsi zituen Ikasle Abertzaleak taldeak. Salatu zuenez, «elite baten eskuetan sartuko den eremua izango da, unibertsitatea dirudunen komuna bat bihurtuko da». Hezkuntza eskubidea herritar guztien eskubidea izanik, onartezina deritzo hezkuntzaren elitizazioari. Horrez gainera, Europara begira bultzatutako egitasmoa dela eta, herri bakoitzaren nortasuna ez dela kontuan hartuko uste du, eta horren ondorioa izango dela «herri ikuspegitik baliotsuak izan daitezkeen balore eta berezitasunak galtzea». Hizkuntza bera ere arriskuan jarriko da Euskal Herrian . Azkenik, hezkuntzaren pribatizazioa ere ekarriko duela jakinarazi zuen. Merkatuari begiratzen dion politikari jarraituz, «enpresa eta multinazionalek ikasle eraginkorrak helburu dituztela» azaldu zuen, eta beraz, «hezkuntzan erakutsi beharko liratekeen balore integral eta kritikoak ahaztu» egiten direla. Hezkuntza sistema eredu berriak ikasleek lan munduan izango duten eraginkortasuna bilatzea kritikatu zuen. Bere hitzetan, ikasleen «espezializaioa» eta «sumisioa» bultzatzen dira gerora lan esparruaren gatibu izan daitezen. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo