Behin betiko konponbidea eskura
Hilabete bat pasatu da ezker abertzaleko talde negoziatzaileak gatazka politikoa behin betiko gainditzeko bere proposamena azaldu zuenetik. Hain- beste sufrimendu sortu duen enfrentamendua atzean uzteko eman beharreko oinarrizko pausoak mahai gainean jarri ziren. Hego Euskal Herriko lau lurraldeen artikulazioa ahalbidetuko lukeen esparru eraikitzeko akordioa proposatzen du ezker abertzaleak. Beste era batera esanda, Nafarroa Garai, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan autonomia politikoa martxan jarriko litzateke, zeinetan erabakitzeko eskubidea onartuko luketen. Nafar herritarren gehiengoaren atxikimendua beharko litzateke esparru berria sortzeko.
Aipaturiko proposamena eta Ipar Euskal Herrian autonomia abian jartzeko Uztaritzen eginiko eskaintza uztartuta, ezker abertzaleak erabakitzeko eskubidea eta lurraldeen artikulazioa aldarrikatu zituen Anaitasuna kiroldegian. Aurkezpen orokorra egina, politikako eragileen erantzunaren zain geratu zen ezker abertzalea. Izan ere, ekarpen gutxi iritsi dira eta gehienetan aldez aurretik asmaturiko esamoldetan oinarritu dira.
Egoera politikoa nahasia dagoela ezin da ukatu, baita Madril aldean dagoen liskarra handiak ez duela toki askorik uzten eztabaida politiko sakona eta lasaia abiatzeko ere. Une txarrean iritsi al da Anoetako metodoari mamia eman dion proposamena? Batzuen ustez, hauteskundeak gertu izanik, ezin dira bide luzeko proposamenak egin. Horretaz jabeturik, epe motzean etekinak ematen dituzten eskaintza mirakuloak egitea izango litzateke politikoen patua. Kezkagarria benetan.
Izan ere, konponbide politikoa lortzeko prozesua blokeatuta izanik, ez al da arriskutsu samar horrelako kalkulutan murgiltzea? Bakea eta demokrazia lortzeko begi-bistan dugun aukera historikoa alferrik galtzeko arriskua onargarria al da inorentzat? Bigarren mailako eztabaidak beti izango dira, goi mailako konpromisoak harturik, arazoak behin betiko konpontzeko aukerak nahi baino gutxiagotan. Eta aprobetxatu behar dira.