Zarauzko TAOren inguruan
Andoni Ibarguren, Zarauzko Aralar
Egun hauetan TAOren beharrik ez zegoela argi geratzen ari da. Ikusi besterik ez dago zenbat aparkaleku plaza dauden hutsik erdigunean. Horren ondorioz orain arazoa Azken Portun ari da sortzen.
Hala ere, kontziente gara, denborarekin jendeak, denera ohitzen delako, ordaintzen bukatuko duela, baina horrek ez du gure ustez TAOren beharra zegoenik adierazten. Sistema honen diru sarrera gehienak Zarauztarrak ordainduko ditugula ere ez dugu zalantzarik. Zer egin behar du Udalak herritarrak ez gaitezen kaltetuenak izan?
Aralarrek TAOren inguruan azaldu zuen kezka ez zela «esleipena argi eta garbi eraman» . Aitortu genuen «seguru gaudela legezko tramite guztiak ondo bete direla». Gure kezka zen, ez ote zuen bultzada politikoa jaso, ez baitzuen inongo herri elkartek eskatu.
Udala barrutik ez dugula ezagutzen esatea ere gobernuan zaudeten kargu publikoen burua zuritzeko aitzakia dirudi. Guk dakigula oposizio osoak bat egin du TAOren aurka, beraz Udala ezagutzen dutenak ere ez daude ados.
Maite, ez dakigu zertaz ari zaren esaten duzunean «edozein gauza ezin da esan». Gure ustez ez dizute molestatu gure ekarpenak, GERTEK eta EAJko kargu ohien artean dauden loturak jakinaraztea baizik. Imanol Lasa (EAJko alkategaia) 2000 urtean GBBko kide hautatu zuten eta beraz ezagutu eta jakingo du urte berean Xabier Agiriano EAJren Asanblea Nazionalerako hautatu zutela. Eta 2003 urtean Xabier Agiriano GERTEC enpresako lehendakari, aholkulari eta apoderatu izendatu zutela ez dakigu jakingo duen. Baina Udalak jakingo beharko luke zein enpresei ematen dien esleipena.
Ez kritikatu mezularia, mezua atsegin ez duzulako. Sinestu benetan nahiago genukeela horrelako mezurik ez zabaltzea.
Etika ekarri nahi dugu politikara ea behingoz politikarien eta jakineko enpresa batzuen arteko harremanak bukatzen diren. Ezin dugulako gutxi batzuen onuragatik, politikarien inguruko susmo txarrak zabaltzen utzi eta horrek alderdi guztion ahalegina eskatzen du.