GARA > Idatzia > Gutunak

Ardoa ere alkohola da

Jose Angel Romo, EGKren Astialdirako teknikaria

Osasun Ministerioak adingabekoen artean alkoholaren kontsumoa prebenitzeko aurre-egitasmo legea atzera bota du hauteskunde-norgehiagoko arma izan ez dadin. Oraingo honetan osasunak indar gutxiago izan du, eta ekonomia irabazle atera da, izan ere ardogileak oso kezkatuta ibili dira gobernuak lege honen barne ardoa kontuan hartu nahi duelako.

Gizarteak onartuta gehien kontsumitzen den droga alkohola da. Eta hori ez da arazo larriena, izan ere, gaur egun hamar eskola-umetik batek aste- bururo alkohola kontsumitzen du, nerabe eta gazteak gero eta goizago hasten dira alkohola edaten eta mendekotasunen alorrean gero eta indar gehiago du alkoholismoak.

Gazteriaren zati handi batek alkoholaren kontsumoarekin, fama txarreko beste drogak ordezkatu ditu. Gaur egungo gizartearen ezaugarrietako bat gazteen eroste-ahalmen handia da eta kopuru horren zati handi bat alkoholaren kontsumora bideratzen da. Nerabeek eta gazteek asteburuetan bakarrik edaten dute. Baina asteburua heltzen denean, neurririk gabe murgiltzen dira gaueko ordu txikiak arte alkoholaren munduan, batez ere kalimotxo (ardoa+kola) eta garagardoa edaten. Batzuek mozkortzeko eda- ten dute, beste batzuek lagunekin «ondo pasatzeko» edaten dute, baina nerabe eta gazteen artean gutxi batzuk dira alkohola probatzen ez dutenak.

Alkoholaren kontsumoa murrizteko neurri guztiak beharrezkoak dira, hala eta guztiz ere nerabe eta gazteentzat zuzendutako kanpainak ez dira kontsumoa debekatzera bideratu behar bakarrik, baizik eta, batez ere, horrek eragiten duen arazoa ezagutaraztera. Dependentzia eta tolerantzia maila handiak sortzen dituenez, gero eta kopuru handiagoa behar izaten da efektu berbera lortzeko. Alkohola arrisku handiko substantzia dela jakinarazi beharra dago. Eta ardoa ere alkohola da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo