GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Gerardo Luzuriaga Liburuzaina

25/30 urte eta gero...

1980an eskuratu zituen EAEk liburutegiak kudeatzeko eskumenak. Harrezkero, 27 urte pasa dira, eta Euskal Herriko liburutegietako lan teknikoak nagusiki erdara hutsez egiten jarraitzen dute, gezurra badirudi ere

Euskal Herrian oraindik kulturaren arloan euskara baztertua dago. Gaztelania da hizkuntza hegemonikoa, eta ia-ia oro har, gehienok erabiltzen dugun hizkuntza bakarra. Gaztelania Euskal Herriko hizkuntza nagusia dela ohartarazteko, gizarteko lauzpabost sektore esanguratsuri (egunkari, irrati, liburudenda, liburutegi...) begiratzea besterik ez dago.

Hizkuntzari dagokionez, euskaldunok erbesteko herri batean bizi gara. Honetaz, oraindik baten bat konbentzituta ez badago, Euskal Herriko edozein kioskotara hurbildu eta eskaintzen dituzten egunkari guztien artean euskarazkoak zein gutxi diren ikustea baino ez dauka. Halaber, esandakoaren adieraz- garri beste hamaika adibide ere jar daitezke: irratiaren diala alde batera eta bestera eraman, eta gaztelaniazko emisorak baino ez ditugu aurkituko; liburudendetara sartu eta kasurik onenean euskarazko literaturaren inguruko liburuak bazter txiki batean aurkituko ditugu; edo liburutegietako katalogo guztietan Ignazio Loiolakoaz kontsulta egin dezakegu ea zenbat katalogoetan agertzen den.

Errealitate gordina hauxe da: Euskal Herriko biztanleak gaztelaniazko munduan %95 bizitzera behartuta gaudela. Baten batek ulertuko al luke herri batera joatea eta kiosko, irrati-igorgailu, liburudenda edota liburutegietan soilik %5 jatorrizko hizkuntzan aurkitzea?

Badakit Euskal Herriko egoera linguistikoa zein izan den, zein egoeratan bizi garen, eta baita ere badakit azken urte hauetan euskararen aldeko aurrerapauso ugari egin direla. Bai, baina halere euskararen presentziari dagokionez, bai ekintzetan baita erritmoan ere, ez da espero genuen bilakaerarik gertatu, iturri kulturalen eskaintzen kasuan batik bat.

Ondo dago Euskal Herriko aniztasunaren aldeko adierazpenak egitea, baina oso gutxitan erabiltzen dira aniztasuna, mestizajea eta antzeko terminoak euskararen erabilera pizteko; aitzitik, gaztelaniak daukan hegemonia irauteko eta bermatzeko erabiltzen direlakoan nago.

Etor gaitezen liburutegien arlora eta ikus dezagun 30 urte luze hauetan gertatutakoa. 1980an eskuratu zituen Euskal Autonomia Erkidegoak liburutegiak kudeatzeko eskumenak. Harrezkero, 27 urte pasatu dira, eta liburutegien transferentzia horiek geure esku egon arren, Euskal Herriko liburutegietako lan teknikoak nagusiki erdara hutsez egiten jarraitzen dute, gezurra badirudi ere. Katalogoa da edozein liburutegiko lan-tresna nagusia, berak ematen baitu zerbitzu guztietara heltzeko bidea; baina zenbat katalogo egiten dira euskaraz? Salbuespenak salbuespen, kostata aurkituko du euskararen aztarnarik gure herriko liburutegietara jotzen duenak.

Liburutegietan pairatzen ditugun gabeziak azaltzeko arrazoi ugari badaude ere, nire iritziz garrantzitsuena dena baino ez dut aipatuko: legearen hutsunea. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez eta Nafarroako Gobernuak ere oraindik ez dute nazioarteko erakundeek go- mendatzen duten erakunde ofiziala sortu, bertako sistema bibliotekarioaren ardura izan eta euskararen erabilera normalizatzeko balioko lukeen erakundea, alegia. Liburutegi Nazional horrek nazioarteko araudiak egokitu eta hainbat zehaztapen egin beharko lituzke katalogatze prozesua euskalduntzeko. Aitzitik, Espainian eta Frantzian egindako arauak hitzez hitz jarraitzen ditugu, edo beste era batean esanda, herri horiek ezarritako ereduen mende gaude. Aurten, urte dezente igaro ondoren, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Liburutegien legea aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean; halaber, talde parlamentarioek arrazoibideak aurkeztu dituzte, baina susmoa daukat onartzeko zorian dagoen legeak orain arte izan dituen gabeziak dauzkala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo