Harri-jasotzaileak Urrezko Txapelketa
Babeslerik topatu ezean, ez da lehiaketarik izango
Bi urtetan jokatu da Urrezko Harri-jasotzaileen Txapelketa, baina aurtengorako ez dute laguntzailerik topatu, eta jokatu gabe geratzeko arrisku handia dauka
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Urrezko Aizkolarien Txapelketa abian jartzera doan bitartean, Urrezko Harri-jasotzaileen Txapelketaren etorkizuna ez dago batere argi, oraindik ez baitago garbi aurten jokatu ahal izango den edo ez.
Bi urtez jokatu da lehiaketa hau, eta gustuko txapelketa izan da bai kirolarientzat, eta zaleentzat ere bai, baina aurten zer gertatuko den inork ez daki. Horren arrazoia, babesleen falta da, Luixmari Bengoak, Egur Sport enpreskao arduradunak GARAri aditzera eman zionez: «Oraingoz babeslerik ez dago, eta ezin dugu antolatu. Iaz ere babesleekin arazo batzuk izan genituen, baina aurrera egin genuen, baina aurten ezin da egin ez bada laguntzailerik agertzen», esan zuen antolatzaileen buruak.
Hala ere, Bengoak ez du etsi eta lanean jarraitzen du: «Bai, bai, guk ez dugu etsi, eta hainbat enpresarekin hizketan jarraitzen dugu, ea babesleren bat topatzen dugun. Gure nahia, aurten ere, txapelketa antolatzea da, eta horretan ari gara ate joka, ea bakarren bat topatzen dugun eta, denboraldi honetan ere, Urrezko Harri-jasotzaileen Txapelketa antolatzen dugun. Garbi daukagu babeslerik animatzen baldin bada aurrera egingo dugula, baina lehen aipatu bezala, topatu ezean, ezinezkoa izango da hau antolatzea», esan zuen Luixmari Bengoak, antolatzaile nagusiak.
Egur Sport enpresak ez du, gainera, epe zehatz bat jarri nahi: «Egia da aurreko bi urteetan aizkolariekin batera jokatu dela finala, baina ez da derrigorrez horrela izan beharrik. Agian erosoena horrela litzateke, baina ez dugu epe hori jarri nahi. Babesleak beranduago etortzen badira, eta beste epe batzuk topatu behar badira, egingo genuke, baina lehenengoz, lehiaketa hori aurrera eramateko laguntzaileak behar ditugu, bestela ezin baita jokatu», adierazi zuen Bengoak.
Lehenengo urtean maila nagusiko harri-jasotzaileak bakarrik izan ziren, baina iaz bigarren mailakoak ere aritu ziren, eta hori dela jarraitu beharreko bidea esan zuen Bengoak: «Gure enpresak harri-jasotzaileen aldeko apustua ere egiten du. Iaz bi mailatako txapelketak egin genituen eta kirolari asko izan ziren lehiatzen, beraz, uste dut, haientzat ere garrantzitsua de la», esan zuen.
Aizkolariekin, aldiz, babesleekin ez omen dute arazorik: «Babeslerik indartsuenak lehen urtetik dabiltza gurekin. Hasieratik ikusi zuten ongi joan zitekela, eta urteak joan eta urteak etorri hortxe jarraitzen dute, eta hori poztekoa da», esan zuen Egur Sport enpresako arduradunak.
Bi urtetan jokatu da txapelketa hau, eta lehen urtean Izeta III.ak eta Irigoienek irabazi zuten, eta iaz, berriz, Barinagak eta Ostolatzak jantzi zuten txapela.
Antolatzaileek ez dute etsi, eta ate-joka jarraitzen dute ea babesleren bat topatzen duten lehiaketa hori aurten ere antolatzeko; izan ere, Egur Sportek txapelketa hori antolatzen jarraitu nahiko bailuke
Txapelketa aurreko bi urteetan jokatu da, eta beti aizkolarien bakarkakoarekin batera egin izan dute, baina antolatzaileek garbi utzi dute babeslerik beranduago helduko balitz, beste data batzuk topatuko lituzkela