GARA > Idatzia > Txirrindularitza

Barloworld

Litekeena da Arreitunandia Tourrean lehiatzea lehen aldiz

Zazpi egunean lehiatu da, eta igandean gertu izan zuen garaipena Peio Arreitunandiak Suitzan. Euskaldunak onenak ematea espero du aurten, eta Tourra korritzeko itxaropena du Barloworld taldeak.

Unai IRARAGORRI | MALLABIA

Ezin hobeto hasi da 32 urteko gipuzkoarra. Helburu nagusiak urrun ditu, baina ibilbideko hirugarren garaipena lortzeko zorian egon zen igandean. Mazzantik besterik ez zuen gipuz- koarra menderatu Luganoko helmugan. «Algarven hasi eta egunero oso ondo ibili nintzen, eta 16. sailkatu nintzen ibilbidea apala bazen ere», esan du.

Iragan asteburuan, berriz, Chiasso eta Lugano klasikoetan aritu zen gipuzkoarra, eta etekina atera zuen, Chiasson erori zen arren. «Igandean, hankak minduta nituen hasieran, baina amaiera menditsua zen, eta 18 txirrindulari geratu ginen buruan, hiru taldekide tartean. Horregatik, erasoa jotzea erabaki genuen. Helmugatik kilometro eta erdira ospa egin nuen; Mazzantik eta Petrovek harrapatu ninduten eta esprintean erabaki zen garaipena».

«Beste batzuetan sasoiko egon eta hamargarren sailkatzen gara. Dena den, aurrean egoteak sasoian nagoela esan nahi du. Betiere, zorte pixka bat izan behar da», azaldu du.

Emaitza horrek Arreitunandia bera harritu du. «Sasoian nengoela banekien, baina ez nuen pentsatzen maila hori nuenik. Neguko prestaketa atzeratu nuen; hori agindu zidaten zuzendariek, gainera. Lasaigo ibiltzeko, Giroari eta Tourrari begira gonbidapenen bat lortzeko aukera genuen-eta».

Inglaterrako lizentzia

Girotik at, itxaropen guztiak Tourrean jarrita dituzte. Barloworldek Inglaterran du lizentzia eta hainbat interes ditu han. «Denboraldia hasi baino lehen, Corti managerrak esan zidan aukera gehiago genuela Tourrean Giroan baino», esan du.

Hortaz, Tourraren iritziaren zain dago Arreitunandia. «Ez dut ilusio handirik egin nahi; hurrengo lasterketetan dut burua, eta gero gerokoak», esan du. Gaur Milan-Turinen azalduko da. Italiako Nazioarteko Astea eta Portugalgo Alentejoko Itzulia izango ditu hurrengo lasterketak. Hasiera batean, Errioxa, Alcobendas, Asturias eta Euskal Bizikleta itzuliak ditu egutegian, baina Tourrari begira izango da, «gehiago edo gutxiago korritzeko».

Gorabehera horiek azken hiru urteetan izan ditu Arreitunandiak; Pro Tourra hasi zenetik, hain zuzen ere. «Pro Tourrekoek badakite zer egingo duten; beste batzuk gonbidapenen zain gaude eta pena da. Ohituta nago; dena den, lasterketak baditugu. Edonola ere, itzuli handiak oso garrantzitsuak dira, Giroa edo Tourra, batez ere, eta helburu nagusia izan daitezke», aitortu du euskaldunak.

Arreitunandiak argi ditu xedeak: «Garaipenak pilatzea, besteek bezalaxe; lasterketa egokienak aukeratu eta ondo prestatu».

«Talde indartsuagoa»

Aurten, ez du Astarloa lagun izango alboan, ermuarrak Milramera alde egin duelako. Baina Barloworldek «talde indartsuagoa» duela adierazi du. «Guidi eta Hunter azkarrak dira eta Soler eta Siutsou igotzaileak eta gazteak, gainera», azaldu du.

Hirugarren urtez, Barloworld taldean arituko da, beraz. «Beste batzuekin harremanak izan nituen. Iaz arazoak nabarmenak izan ziren Puerto auzia zela-eta. eta itxarotea besterik ez zidaten esaten. Horregatik, Barloworld taldearekin sinatu nuen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo