Etxebizitzaren merkatu basatiaren eragin latzak agerian jarri ditu Higiezinen saloiak
Higiezinen saloia iragaten da bihar arte Biarritzen. Hiru egunez, agentzia, banketxe eta etxebizitzaren merkatua beraien esku duten beste egituretako ordezkariak biltzen dituelarik, ekitaldiak, berriz ere, Ipar Euskal Herrian bizi den etxebizitzaren krisia mahai gainean jarri du. Han eta hemenka egoerari aurre egiteko ekintzak bideratu arren, merkatua igotzen jarraitzen duela salatu da.
Ainize BUTRON
Probokazioa da!: Hala esaten aritu da Nafarroa Behereako Lurra eta etxebizitza izeneko kolektiboa Higiezinen saloia Biarritzen sortu zenetik. Eta, urtero probokazio hori eteteko manifestaldi batera deitzen aritu da. Aurtengoa, gaur arratsaldeko hiruetan izango da. Baina, Kolektiboa ez da oraingoan bakarrik izanen saloiaren antolaketa salatzeko lekuko elkarteek, alderdiek eta kolektiboek dei horrekin bat egin baitute: Euskaldun Gazteriak elkartea, ELB sindikatua, GFMA Lurra, Abertzaleen Batasuna, AC Pays Basque eta Batasuna besteak beste.
Higiezinen agentzientzat saloia merkatuko ordezkari guztiekin hitzegiteko aukera ezin hobea da etxebizitza edo lur bat erostekotan dagoen herritar ororentzat.
Gaurko manifestaldiarekin bat eginen dutenek, berriz, gaur egun etxebizitza arloan bizi den krisia larriaren «erantzule» zuzenak dira saloiaren antolatzaileak. Gainera, Biarritzen antolatu izana sinboloz beterik dela goraipatzen dute, etxebizitzaren prezio gorenak biltzeaz gain, lekuko bigarren etxe kopuru handiena duen herria baita.
Honela, saloia lekuko krisi horren harat hunatak aipatzeko hunea bilakatu da. Agentzien arabera, izan ere, azken urtean prezioen igoera aurreko urteetan baino apalagoa izan da, baina, halere, metro karratu bakoitza 4.000 euro ingurutan saltzen da Baiona, Angelu eta Biarritz eskualdean. Beti ere, agentzen ustez, 2007an igoera jarraituko du %3, 5 eta %4,7a tartean kokatuz.
Nafarroa Beherea eta Zuberoan prezioak apalagoak badira ere, emendatzea ikusiz, urte batzu barru eskualde horiek lapurdiren heinera helduko direla beldur dira Lurra eta etxebizitza kolektiboko kideak. Zabaldu dituzten datuen artean, bigarren etxeei dagokionak daude. Lapurdiko etxebizitzen erena bigarren etxeak direlarik, Nafarroa beherea eta Zuberoan kopurua %10ekoa zela esan zuten.
Datuetatik at, alokairu altuak, bigarren etxeak bidertzen diren bitartean etxebizitzaren eskasia gora joatea, prezio igoera eten gabeak, edo gazte eta herritarrei egokitua ez den higiezin eremu baten sorrera dira besteak beste egun Ipar Euskal Herrian bizi den etxebizitza eta lurren espekulazioaren ezaugarri nagusiak.
25.000 biztanle gehiago 2020an
Merkatu horrek harturiko indarra goraipatzeko Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako bostehun biztanlerentzat higiezinen agentzia bat dagoela esan zuen Ihintza Oxandabaratz kolektiboko kideak.
Baina, agentzietatik at, banketxeek egoera horretan eratzunkizuna ere zeukatela gehitu zuen. «Banketxeek bizi osorako maileguak finkatzen dituzte gaur egun, herritarren zorrak urtetan hedatuz. Egoeraren erantzule zuzenak dira». Nafarroa Behereari dagokionez, krisi eta espekulazio egoera hori gehien pairatzen dutenak laborariak zirela nabarmendu zuen Oxandabaratzek.
Lekuko kolektibo, elkarte, sindikatu eta alderdiek behin eta berriz salatzen aritu dira egoera hori, eta merkatuaren nora ezea oztopatzeko jadanik lekuko botere publikoen esku dauden tresnak baliatuak izatea, eta baliabide berriak sortzea eskatua izan da. Horren ildotik, han eta hemenka herriko etxe batzuetan ekimenak finkatuak izan dira azken urteotan gazteek etxebizitza prezio duin batean lortu ahal izateko.
Eta, duela urte bat eta erdi Etxebizitza eta lurraren kudeaketarako egitura publiko bat sortu zen. Bere eginbehar nagusia espekulazioa oztopatzea da.
Urte bat darama egitura martxan, baina, tartean prezioa igotzen jarraitzen duela salatu zuen kolektiboko kideak. Ihintza Oxandabaratzek, izan ere, tresna horrek ez zuela dagoeneko eraginkortasun handirik erakutsi goraipatu zuen. Laborantza munduari dagokion mota bereko Safer bezalako egituraren adibidea hartu zuen, borondate ezagatik gauza gutxi egiten zuela salatuz.
Beraz, gaurko manifestaldiaren bidez, berriz ere, etxebizitza eta lurren prezioaren emendatzea oztopatzeko orduan lekuko botere publikoen nahikeri eza agerian jarriko da. Baina, tresna horietatik at, kolektiboak, lekuko beste hainbat elkarte bezala, gai horren inguruan gogoeta sakon bat eramateko beharra dagoela nabarmendu nahi du ere.
2020 urtea bitartean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan 25.000 biztanle gehiago itxaroten dira. «Horiek jaso aurretik ezinbestekoa da lur eta etxebizitzaren gaiaren inguruan benetako hausnarketa bat bideratzea. Zer motako ekonomia bultzatu nahi da? zer Ipar Euskal Herria nahi da bihar. Galdera horiei ematen den erantzunaren arabera herrietan zenbateko jendetza jasotzeko ahalmena dagoen ikusi beharko da», nabarmendu zuen Oxandabaratzek.
Gai horretan, bereziki gehien bat laborantzaz bizi den Nafarroa Beherea bezalako zonalde batean, lurra ez zela kontsumo bezala baina, lanerako tresna bat bezala ikusi behar gehitu zuen. «Merkatuaren legeak manatzen duenez, gehien eskaintzen duenak erosten du lurra», salatu zuen.
Saloi alternatiboa
Gaurko ekitaldian parte hartzea deitzen dutenen artean Euskaldun Gazteriak elkartea dago ere. Lekuko gazteek bizitzeko aurkitzen dituzten arazoen aitzinean, beraientzat apartamenduak egiteko etxebizitza erosteko proiektua dauka.
Saloia iragaten dela-eta, «higiezin saloiari bai» aldarrikapena luzatu nahi izan zuen horrelako ekimen bat garrantzia handikoa izan zitekeela azpimarratuz. Egungo etxebizitzaren krisia lur eta etxebizitzaren espekulazio mugagabe batean kokatzen zela gogoratuz, horrek lekuko herritarrentzat eta bereziki gazteentzat etxea atzemateko orduan zailtasunak sortzen zituela esan zuen.
Horrenbestez, dagoen krisiaren erronka nagusiak aztertzeko eta alternatibak proposatzeko, higiezinen saloia ekimen interesgarria izan zitekeela argitu zuen elkarteak.
Baina, hori egin ahal izateko saloiak etxebizitzaren profesionalak elkartu beharko lituzkela uste du elkarteak: HLM (etxebizitza sozialen erakundea), ADIL (etxebizitzan ahulkularia), PACT-CDHR (etxeak arraberritzen dituen elkartea), eta gizarte xedea duten higiezinen agentziak. «Etxebizitzaren politika eta beharrezko lurralde antolaketari buruzko sakoneko eztabaida sortuko duen gune bat izan beharko luke Saloia», azpimarratu zuen Euskaldun Gazteriak.
Aldi berean, etxebizitzak prezio egokian alokatzeko xede duten jabe eta herritarren arteko lotura egiten ahalko zukeela gehitu zuen. «2008ko edizioari begira edizio berri baten ildo berria izaten ahalko zen», jarraitu zuen elkarteak.
Tartean, saloiak xede guzti horiek betetzen ez dituenez, eta egun higiezinen krisiari irtenbiderik ematen ez dionez ekitaldia salatzeko beharra nabarmendu zuen Euskaldun Gazteriak, eta gaurko manifestaldira deitu zuen.
Uztailan beteko da urte bat lur zoruaren lekuko egitura publikoa (EPFL) martxan jarri zenetik. Etxebizitza arloan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan dagoen krisia hein batean neurtzeko sortu zen.
Arnaud Portier egiturako arduradunak esan zuen: «EPFL egitura sortuz egungo etxebizitzaren prezioan eragin, eta merkatua moralizatu nahi zen. Urte bat daramagu lanean, eta egia da, ez dela dagoeneko EPFLaren eragina nabaritu arlo horretan».
Baina, ondoko hilabeteetan eragin hori gehiago nabarituko zela goraipatu zuen ordezkariak.
Egitura abiatu zenetik, izan ere, bereziki Lapurdi barnealdean, EPFL zenbait lurretaz jabetu zela esan zuen. Orotara, 2006 eta 2007 urteen artean sei milioi euro sahutuko ditu horretan egiturak, eta, lurrak, Bidaxune, Samatze edo Mugerre bezalako zonaldeetan erosiak dira. Mugerreri dagokionez, 10 hektarea lurretaz jabetu da egitura. Imobiliariaren merkatuan salduak izan aurretik erosi ditu hain zuzen ere lur horiek. Bertan, etxebizitza mistoa egitekotan dira, hau da, soziala eta guztiei zabaldutakoak.
«Hein batean merkatuaren legea aldatzea lortu dugu. Orain arte, eremu pribatuak zuen legea finkatzen, eta publikoa bere esanak jarraitzea behartua zen. EPFLek erosi dituen eremu guzti horietan eremu publikoaren legea pribatuari inposatzea lortu da, eta, hori oso garrantzitsua da, hori baita EPFL egituraren xedeetariko bat, hots, egun dagoen espekulazioan eragina izatea», goraipatu zuen. Horrenbestez, egitura sortu denetik lekuko herriengandik itsaropen handia somatu zuela nabarmendu zuen berriz egiturako arduradunak. «Herrietan beharrak handiak dira. Espekulazioaren aurka egiteko laguntza eske etorri zaizkigu. Egitura sortu delarik, herri txiki askok uste izan dute bereziki hirientzako lanean arituko ginela. Eta, hiriek uste zuten herrisketan arituko ginela nagusiki. Guztiaren artean oreka bat sortzea lortu dugu», gehitu zuen.
Herriko etxeetan hirigintza tresnak sortzeko laguntzak eskaintzen ditu, beraz, nagusiki EPFLek. «Herri askotan espekulazioarengatik presio handia pairatzen dute, eta ez dakite nola aurre egin egoera horri. Gure laguntza eskatzera heldu dira, esku tartean dituzten tresnak behar bezala baliatzeko», goraipatu zuen Portierek.
Orain arte laguntza horren beharra zutenak herri txikiak baziren ere, atzo geroztik, Lapurdi kostaldeko hirien deiak jasotzen hasi zirela erran zuen. «Garrantzi handiko eremu batzuetan espekulazioak gaina hartzearen beldur dira hiriak. Gune horiek eremu publikoan geratzea nahi dute. Etorkizunean eremu horietan sortuko den merkatuaren presioari aurre egiteko lanean hasiko gara», gaineratu zuen.
Lur zoruaren lekuko egitura publikoak ondoko apirilan aurreraturiko lan guzti horien berri ematekotan da. «Administrazio kontzeilua bilduko da laster, eta ekainean egituraren biltzar nagusia eginen dugu. Tarte horretan, egitura sortu zenetik urtea ospatu aitzin gure lanen berri emanen dugu», bukatu zuen esaten.
Horretaz gain, etxebizitzaren larrialdiko Planoa eta hirigintza Agentziaren laguntzarekin etxebizitzaren egoerari buruzko diagnostikoa plazaratzekotan da ere egitura. «Nahiko berria naiz lan honetan, beraz dagoeneko egoeraren azterketa egitura horien esku utzi nahi izan dut», esan zuen Arnaud Portierek azkenik .