Ibon Artola eta Manu Odriozola «Euskal Herria Sozialista" aldizkariko kideak
Borroka sozialistaren beharra
Zapalketa nazionalaren eta sozialaren aurka borrokatzeko gai den langile klaserantz eta gazteriarantz bakarrik begiratu behar dugu
Bat. Estatu espainiarrak eta frantziarrak, klase menperatzailearen, kapitalisten, enpresarien eta bankuen, alegia, burgesiaren inte- resak defendatzen dituztelako, Euskal Herriaren eskubide demokratikoak eta nazionalak zapaltzen dituzte. Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea eta lurraldetasuna bezalako eskubide demokratiko-nazionalak ez dituzte onartzen. Eta errepresioaren aldeko apustua egiten dute. Justizia klaseko justizia da beti eta demokraziaren aurkako Alderdien Legea bezalakoak onartzen dituzte. Ondoren, aparatu judizialaren errepresioa dator, Jarrai, Haika eta Segiren aurkako sententziarekin, berriki, ikusi dugun moduan. Sententzia honekin 6 urteko kartzela zigorra ezarri zaie 23 gazteri, antolaketa edota adierazpen eskubidea bezalako eskubide demokratikoen aurka eginez. Mendekuan eta presio politikoan oinarritutako espetxe politika edo Iñaki De Juanarekin egin duten injustizia eta otsailaren 24an, Bilbon, Autodeterminazioaren eta amnistiaren aldeko manifestazioaren debekua... estrategia errepresio horren adibideak dira.
Bi. EAJ-PNVk, ororen aurretik, euskal kapitalisten denfentsa jartzen duelako, Euskal Herriko eskubide demokratiko nazionalen aldeko borroka ez du bururaino eramaten eta estrategia errepresiboaren zati da. EAJ-PNVren gorputz armatua, Ertzaintza, Batasuneko... sedeak itxi eta, Jarrai, Haika eta Segiko... militanteak ere atxilotu dituena edo manifestazioetan... bortizki kolpatu duena izan da. EAJ-PNVk Euskal Herriaren eskubideen aldeko hitzak erabiliko ditu, baina gertakariek argi eta garbi erakusten duten bezala ez du pauso praktiko bat bera ere emango berauek lortzeko. Oso euskaldunak azaltzen badira ere, hauen atzean burgesia espainolaren eta frantsesaren interes berberak dituen burgesia bera ezkutatzen da: onura propio bat lortzeko Euskal Herriko langile klasearen eta gaztediaren gehiengo handi bat zapaltzea interesa duen burgesia. Ez dugu konfidantza gramo bakar bat ere izan behar euren hitz faltsuetan. Izan ere, ondorioa justu kontrakoa da: euskal burgesia oztopo bat da borroka honetan.
Hiru. Sozialismoaren aldeko borroka da alternatiba bakarra. Boltxebikeeek 1917an, Errusiako iraultzan erabilitako programa eta metodoak oinarrizkoak dira Euskal Herriko gatazka nazionala eta sozialak konpontzeko. Beharrezkoa da, geure indarretan bakarrik konfiantza izatea eta bai zapalketa nazionalaren eta bai sozialaren aurka borrokatzeko gai den klase iraultzaile bakarrerantz begiratzea: Euskal Herriko langile klaserantz eta gazteriarantz. Greba orokorraren eta matxinadaren metodoetan oinarrituz, Estatu espainiarreko eta frantseseko beste langile eta gaztediarekin bat eginaz, pairatzen dugun sufrimendu hau sortu, mantendu eta zabaltzen duen sistema kapi- talistaren aurka eginez, garaipena eskura dezakegu.
Horregatik, gaur inoiz baino gehiago, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka sozialismoren aldeko borrokarekin bereizezina da.