GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zornotzako Karmeliten komentuko emakume presoei omenaldia bihar

Hobi komunekin batera, oroitzapen gune moduan finkatu ditu Ahaztuek Zornotza, Durango, Urduña, Saturraran eta Deustuan gerra garaian izan ziren kartzelak. Bihar, Zornotzako Karmeliten komentuan preso izandako emakume eta haurrek omenaldia izango dute.

Kepa PETRALANDA |

40ko hamarkadan Zornotzako Karmeliten komentuan preso izan ziren emakumeek omenaldia izango dute bihar, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatuta eta Bilgune Feministak eta Zornotzako Emakumeen Plataformak lagundurik. Bertan, garai hartan giltzapean izandako hainbat emakume eta haiekin egondako hainbat haur izango dira. Rosario Sanchez Morak, dinamitera-k, 90 urteko emakumea eta hainbat kartzeletan izandakoa, bere lekukotasuna eskainiko du ere bai.

Ahaztuak elkarteko bozeramailea Martxelo Alvarezek atzo emandako azalpenen arabera, elkarte horrek aurkeztutako proiektuaren baitan egingo dute biharko ekitaldia. Hobi komunekin batera, hainbat kartzela izan ziren gerra garaian eta emakumeak bereziki, gutxienez Zornotzako Karmeliten komentuan, Durangoko moja batzuen komentuan, Urduñan eta Saturraraneko presondegian izan ziren preso garai hartan.

Lau presondegi horiek eta Deustuko Unibertsitatea hautatu dituzte -20.000 preso inguru pasatu ziren bertatik- oroitzapen gune moduan, «garrantzitsua ikusten dugulako egun jendeak fisikoki ezagutzea leku horiek, bere garaian hainbat pertsona, emakume eta haurrak kasu horretan, izuturik bizi zirelako kartzela horietan», azaldu zuen Alvarezek.

Ahaztuak elkartearen izenean, «emakume izateagatik milizianoen neskalagunak eta emakume militante ugarik tortura, galdeketak eta laidoztatze izan zituzten 40ko hamarkadan eta eliza katolikoak izandako jokabidea nabarmentzekoa da; hainbat komentu eta egoitza kartzela eta atxilotze gune moduan erabili baitziren», azaldu zuen Bego Asensiok.

Infekzioak, gosea

«Gogoratzekoa da kartzela horietan zer baldintzetan bizi izan ziren eta infekzioak eta gosea nagusi zirela. Atxilotutako askok umeak izan zituzten eta haurren hiltze indizeak goruntz egin zuen nabari garai hartan. Haurdun zirelarik kartzelan sartu zituzten askok gainera, umeak galdu zituzten geroago», adierazi zuen Asensiok.

Ahaztuak elkartearen lan ildo bat hauxe dugu: «oroitzapen guneak erakutsi eta igandean egingo duguna lehenbiziko ekimen publikoa izangoa da hain zuzen. Zornotzako kartzelan egondako haurrak izango dira bihar omenaldian eta osasunez ongi jarraitzen badu, Rosario Sanchez Morak bere lekukotasuna erakutsiko digu. Faxistak altxatu zirenean, El campesino deitzen zitzaion zutabean egin zuen borroka eta Durango, Zornotza eta Bilboko Oriolen txaletetan izan zen preso».

Ekitaldiari begira, egun Zornotzan bertan dauden karmeliten laguntza eta jarrera positiboa adierazi zuen Alvarezek.

«1936ko uztailaren 18an faxistak altxatu zirenean, askatasuna, justizia soziala, 2. Errepublikaren legezko Gobernua eta Euskal Herriko eskubideen defentsan leku honetan kartzelatu zituzten emakumeei, haiekin egondako haurrei, bertan hil zirenei eta lekukotasuna emateko bizi izan direnei. Zuen ametsen memoriarekin gure etorkizuna zirriborratzen dugu» irakur daiteke bihar jarriko den plakan.

Bilgune Feminista eta Zornotzako Emakumeen Plataformak bat egin dute bihar ospatuko den ekitaldiarekin. Izaskun Guarrotxena eta Karmele Zugazabeitiak Martxoaren 8aren dela-eta, sartu zuten omenaldia eta erakunde hauen sostengua plazaratu zuten.

40ko hamarkadan

Ahaztuak antolatuta eta Bilgune Feminista eta Zornotzako Emakumeen Plataformak lagundurik, 40ko hamarkadan bertan izandako emakume eta haur preso izango dira prestatutako ekitaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo