GARA > Idatzia > Pilota

Binakako Txapelketa

Finaleko eztia dastatu nahi duenak gaur irabazi behar du

Olaizola I-Beloki eta Gonzalez-Pascual bikoteek martxoaren 25eko final handian protagonista izatea dute jokoan gaur Labriteko neurketa erabakigarrian

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Iritsi da eguna. Gaur arratsaldean ezagutuko dugu Iruñean (Labrit, 18.00) datorren martxoaren 25ean Xalaren eta Eulateren aurka Binakako Txapelketaren final handia jokatuko duen bikotea. Olaizola I-Beloki eta Gonzalez-Pascual dira sari bikain horren bila kantxara irtengo direnak, eta horixe da, aurrez behintzat, lehiaketak orain artean eman digun neurketarik interesgarriena. Finala jokoan eta bi bikote handi nor baino nor.

Txapelketa nola joan den ikusita, Asier Olaizola eta Ruben Beloki zertxobait faboritoago izan daitezke. Lehen ligaxka ahul samarra egin zuten, baina bikain jokatu dute bai final-laurdenetan baita finalerdietan ere. Aurreko igandean, Xalaren eta Eulateren aurka galdu arren, ez zuten irudi txarra eman, eta Bengoetxea VI-Patxi Ruiz bikotearen kontra erakutsitako seriotasuna berreskuratu nahiko dute gaurko norgehiagokan.

Sebastien Gonzalezek eta Iñigo Pascualek, berriz, azken neurketa irabazi izana dute alde. Txapelketa hasi zenetik erakutsi dute onena eta txarrena egiteko gai direla, aste berean baita partida berean ere, zerua ukitzetik infernuko zulora erortzeko gai direla. Eta bide gorabeheratsu horretan, puntako bertsioa erakutsi beharko dute gaur nahitaez.

Gainera, atera kontuak neurketa horretan pronostikoak egitea zer puntutaraino den zaila; izan ere, aurrekari bila hasita, urtarrilaren 5eraino joan beharra daukagu. Orduko hartan, Gonzalez eta Pascualek erraz antzean menderatu zituzten Olaizola I.a eta Beloki Tolosako Beotibar pilotalekuan (22-11), baina badirudi horrenbeste denbora igarota, hura ez dela erreferentzia oso baliagarria.

Jaialdia bostetan hasiko da eta lehen partida ere interesgarria izango da. Esainek eta Otxandorenak Saralegiren eta Zearraren kontra jokatuko dute. Iñaki Esain burlatarra berriz agertuko da, eta hernia baten erruz hiru hilabete eta erdi frontoietatik kanpo egon da. Aurki hasiko den Buruz Burukoan aukeraren bat izan lezake nafarrak.

Sopuerta

Albizuri 22 / Beobide 21; Leiza-Peñagarikano 4 / Arretxe II-Zearra 10; Peñagarikano 3 / Arretxe II 10;

Derio

Bizkaiko Irekia: Nagore / Urdaniz; Gorriti 0 / Antxia 2 (0-10 eta 7-10); Nagore 2 / Urdaniz 0 (10-6 eta 10-1).

Zaramaga

Lizaso-Iraeta 14 / Gereta-Azpiazu 22; Txorraut-Girones 22 / Jauregi I-Biteri 12.

Zaldibar

Urrutia-Merino 22 / Olaetxea-Gorrotxategi 20.

Labrit (17.00)

Esain-Otxandorena / Saralegi-Zearra; Olaizola I-Beloki / Gonzalez-Pascual; Beloki II-Eskudero / Eguskiza-Rai.

Galarreta (16.00)

Sarasua-Zubizarreta / Zalakain-Aizpurua II; Ezkurra-Olazar / Altuna I-Urrutia; Zeberio II-A.Lekunberri / Altuna II-Lizaso; Agirresarobe-Auzmendi / Bereziartua-Aizpuru.

Euskal (16.30)

Larrea-Gaztelu / Etxeberria IV-Martinez I; Juaristi-Eizagirre / Bitoria-Etxeberria III; Urriza-San Miguel / Matxin IV-Badiola.

Zizur (17.00)

Txaruta / Oizpe. Madariaga-Bereau / Loidi-Urkijo; Jaunena-Barberena / Alberdi-Perosanz; Cerezo-Arraztoa / Albizuri II-Zabala.

Zaramaga (16.00)

Quina-Biain / Mitxelena-Iturria; Razkin-Galartza / Erparza-Gojenola; Hernandez-Ulanga I / Albizuribe-Ormaetxe; Valencia-Jaunarena / Xabi-Perez; Garaizabal-Garaiolaun / Carballo-Azkarate.

Madalensoro (15.00)

Bidegain-Imaz / Benito-Pagoaga; Almandoz-Rodriguez / Etxeberria-Zapirain; Antxordoki II-Txoperena III / Peluaga-Huegun; Etxarri-Otegi / Agirre-Aristorena.

Haurtzaro ik. (16.00)

Bertiz-Matxikote / Landaluze-Agirre; Aristorena-Suarez / Errea-Sanz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo