maite ilarduia - Bergarako ezker abertzalearen izenean
Herritarren parte-hartzea bermatu?
Joan den otsailaren 21ean Bergarako EAJ-PNVk datozen Udal Hauteskundeetan bere alkatetzarako hautagaia aurkeztu zuen. German Muruamendiaraz. Bere burua aurkezterakoan, Udalean herritarren parte-hartzea bermatzearen alde azaldu zen, eta aurkezpeneko pankartan horrelako leloa irakurri zitekeen: «Ez dugu gauzak egiteko era aldatuko».
German Muruamendiaraz, azken lau urteetan turismo eta ondare batzordeburua eta 3. alkateordea izan da azken 30 urteetan herri honek izan duen Udal anti-demokratikoenean. Legealdi honetan 1.800 herritar baino gehiagoren boza ez da errespetatu, eta lau urte luze hauetan bera partaidea izan den Gobernuak ez du ezer egin horri buelta emateko eta gainera egoera horretaz baliatu izan da haiei ez zegozkien karguak hartuz.
Bergararrontzat hain garrantzitsuak diren Arau subsidiario berrien lanketan ez da bermatu herritarren parte-hartzea, nahiz eta oraingo fasean legea betetzeko «partxeo» bat egin den. Urteroko aurrekontuak egiterakoan herritarren inongo parte-hartzerik ez da egon. Hainbat herritarrek eta taldek aurkeztutako mozioak ez dira osoko bilkuretan tratatu ere egin.
Hainbat adibide herritarren partehartzearen arloan legealdi honen argazki azkarra ateratzeko, lau urte hauetan hainbat herritarrek hileko azken asteleheneko ohiko plenoan ikusi ahal izan dutena.
Eta orain herritarren parte-hartzea bermatzearen alde azaldu? Lau urtetan izan duzu aukera eta ez duzu ezer egin. Orain sinetsi behar dizugu? «Ez dugu gauzak egiteko era aldatuko» diozue, orduan nola bermatuko duzue herritarren parte-hartzea?