GARA > Idatzia > Hemeroteka

BERRIA Aitzpea Leizaola 2007/03/09. Euskal Herria.

Mugaz gaindiko lankidetza

Mugaz gaindiko lankidetza hitzarmena sinatu dute ordezkari instituzionalek, etorkizunera begira mugaz gaindiko lankidetza Europar Batasunaren markoan sendotu eta garatzeko asmoz. Aurretiaz egindako ahale- ginen ondorio gisa aurkeztu dute partaideek Frantziako presidenterako hautagai sozialistak Ipar Euskal Herrira egin berri duen bisitaren bezperan Donostian sinatu duten ituna. Segolene Royalek aurretiaz bere maisu izandako Mitterranden hutsa erreparatu nahi balu bezala -agindu, eta bete ez-, bada ezpada, garbi utzi nahi izan du euskal departamenduaren ingu- ruan duen jarrera: ez da halako asmorik bere programa politikoan. Hitzarmenak, helburu politikoez gain, Euskal Herriko zatiketa administratiboa azpi- marratzen du ezer baino lehen. Aldi berean, hainbatetan aipatzen den Europaren eraikuntza bidean, estatu bakoitzaren egituraketa eta zentralizazio maila uzten du agerian.

Mugaz bi aldeetako erakundeen botere eta erabakimen mailaren artean dagoen koska ageri baita itunean berean. Sinatzaileen pisua eta eragin eremua, bai eta erabakien hartzeko guneak ez dira konparagarriak mugaren bi aldeetan. Gasteizen parekidea ez da Baiona, baizik eta Bordele. Finean, erakunde desberdinen -kasu honetan aldundi, departamendu, erkidego autonomo edo erregio- eskumen eta eskuduntza maila oso desberdinak ageri dira. Aurrerapausoa izanik ere, lankidetzak, mugatua izaten jarraituko du, hitzaren bi adieratan, bai geografikoan zein politikoan. «Bidasoaren bi aldeetako agintari guztiak» bertan zirela aipatu zuen Ibarretxek irribarretsu, hitzarmenaren balio sinbolikoaz ari zela. Geografia lezioak gaizki ikasita dituenaren seinale, Bidasoak Nafarroako lurretan egiten duen bidea ahaztu baitzuen. Hala, mugaz gaindiko lankidetza egitasmo honetatik kanpo dago Nafarroa, baina ez Biarnoko lurrak, Landak edo Bordele ingurua. (...)

Eguneroko jardueran eraginik izango omen du hitzarmenak eta mugak eragiten dituen hainbat traba leuntzen lagunduko du. Hala bedi! Asko baitira eragiteko eremuak, mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko esparruak, egunerokotasunaren martxan mugaren errealitatea agerian uzten dutenak, argazkian berean ikus daitezkeen aldibereko itzulpenerako kaskoek gogorarazten diguten moduan.

Ikusteke dago mugaz gaindiko lankidetza helburu duten herritarren ekimenei hainbesteko arreta eskainiko dieten. Eta sinatzaileek gogoan izan ez arren, esparru aberatsa izan da honakoa historian zehar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo