Julen MURGOITIO
Marroia gero urdinarena!
Akabo ordena eta harmonia koloreen eremuan! Elkarren kontra dira koloreok ha- siak, inguruko baldintzek horretara derrigortuta. Begira, bestela, zelako marroia jausi zaion urdinari. Urdin gizajoa! Zer hintzen eta zer bihurtu zaituzten! Itsasoko urdina bera ere lotsatuta dago honezkero, lehorreratu ezinean lotsaren lotsaz. Hara, betikoek aspaldiko partez ganbarara dira orain igonak, artaziak eskuan eskaileratan gora, eta hango armairua zabalduta iraganeko alkandora atera dute eta hautsak astindu ondoren artaziak hartu eta begiztak egiten dira hasiak. Eta ondorioz, horra! urdina paparrera! eta paparduna kalera! Bai marroia urdinari jausia! Egia esan, euskaldunok ez gara bat ere erru- kiberak, begiratu, bestela, beheko estatuko instituzioetan sortu dugun kalapita, nahi gabe, bai, baina sortu ere. Hemengo etebe bateko boxeoa baino adieraz- garriagoa, han goizean gauean hemen, han traje osotan galtzamotzetan hemen, han zuzenean diferituan hemen, han balizko politika balizko kirola hemen; baina elkarri mokoka han eta hemen. Politika hitzaren artea omen! Bai zera, boxeoa hitzaren arteago! Tira, urdin gizajoa, non hintzen eta non ipini zaituzten, horien paparrean! Eta zelan ipini gainera, korapiloa eginda! Ulertu egingo nuke koloreen mundua uzteko eutanasia eskubidea betetzea eskatuko bazenu. Zoazen munduan paparrik ez izatea espero dut, zure onerako.
Ipar Irlandan botoek berba egin berri dute, nork nori zer noiz zelan; beste gauza da batzuek belarrietan gehiegizko ezkoa izatea. Ez da erraza hangoa eta hemengoa alderatzea. Ni, esate baterako, han errepublikanoa naiz baina unionista naiz hemen, are gehiago, unionista errepublikanoa naiz hemen; are gehiago, unionista errepublikano protestantea naiz hemen, protestaz protesta nagoelako abiadura handiko trenaren kontra edota errauste planten aurka, kasu bi baino ez aipatzearren, beti ere iparra eta hegoa batzeko asmotan, Euskal Herria estaturik gabeko Herri librea izateko bidean euskal errepublika trantsizio modura eskatuz, trantsizioak beti baitira derrigorrezko parada batetik besterako bidean. Ulertu? Ala errepikatu egin behar dut? Ez, ez da erraza konparazioak egiten hastea. Baina, argi geratu bedi: ez naiz katolikoa! Euskal Herria ateo baterako bidean tran- tsizio modura ere ez! Aditu? Ala errepikatu nahi?