GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Ez hemen ez han

Lazgarria egin zait beti etxerik ez duten marinel horien bizimodua. Ontzian bizi dira eta ez dute sustrairik bota lehorrean

Oraindik orain aurkitu dute marinel bat portuan itota, Ondarroan. Ez dira aste bi igaro gertaera hartatik eta oharkabean igaro da ia-ia. Marinela etorkina zen eta ontzian bertan bizi zen. Izen abizenak ere bazituen baina ez zuen etxerik. Lan egiten zuen ontzia zen haren bizilekua. Norbaitek haren bila jo nahi zuenean txalupara joan behar zuen. Ez dakite ziur nola ito zen gizona, badirudi gauez ontzira sartu nahi izan zuela eta laprast egin zuela. Zorigaitzaren kontuak. Eta burdinazko ontzien artean zendu zen. Gauza garbirik ez hala ere.

Gizon hura ontzian bertan bizi zen baina ez da bakarra gezurra badirudi ere. Marinel asko dira oraindik ere ontzietan bizi direnak. Hantxe egiten dute beharra, eta bizimodua ere hantxe egiten dute, baita ontzia portuan dagoenean ere. Lehorreratzen dira aldian aldian, ostera egiten dute tabernetara eta aldi baterako atzean uzten dute bakardadea, eta iluntzean itzuli egiten dira ontzira lotara.

Lazgarria egin zait beti etxerik ez duten marinel horien bizimodua. Ontzian bizi dira eta ez dute sustrairik bota lehorrean. Ontzia portuan dago, uraren gainean, eta marinelak ez du muga zeharkatzen, haren bizitza portu horretara lotu nahi ez balu bezala. Behin behinekoa da haren bizilekua. Haren etxea ez dago lurraren gainean eraikia. Etxeko zutabeak ez dira irmoak. Ez hemen ez han, uraren gainean beti.

Batzuen batzuk ordea zeharkatu egiten dute moilaren muga hori. Andaluzian nengoela oporretan, gertaera bitxi bat jazo zitzaidan behin.

Gazte batzuekin berbetan hasi eta nongoa nintzen esan nienean haietariko batek kontatu zidan hura ere Ondarroan bizi izan zela txikitan. Bizitzako kasualitateak. Haren gurasoak, Euskal Herrira iritsi zirenean ez zuten etxerik eta portuko biltegietan egiten zuten lo. Hantxe sare artean egiten zuten ohea. Horixe kontatu zidan. Eta haren arreba zaharrena hantxe jaio zela, biltegian bertan eta sareen artean, sirena txiki bat balitz bezala, arrain usain eta guzti. Urte batzuk euskal kostaldean lanean egin eta Andaluziara bueltatu ziren gero denak. Denak ez, arreba izan ezik, arreba Euskal Herrian geratu zen.

Badira ontzia eta portua utzi etxea bertan hartzea lortu zutenak. Hasieran beste marinel batzuekin batera bizitzen hasi ziren eta gero bakarka. Urte batzuren buruan. Haietariko batzuk ezkondu ere egin ziren, eta seme-alabak izan zituzten. Seme-alaba horiek euskaraz egiten dute gaur egun.

Emigrazioaz hitz egiten delarik gomutan hartzen ditut askotan portuko marinelak. Eta pentsatzen dut portuaren irudia argia izan litekela haien integrazioaz hitz egiteko. Batzuk ontzian geratzen dira, ez-leku horretan. Beste batzuk potura igarotzen dira eta azkenik badira batzuk sustraiak lur berrian botatzen dituztenak.

Balio lezake irudiak egia da, baina susmoa dut gehienetan ez dela borondate kontua integrazioarena. Batzuetan, portuko sarrera itxita egoten da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo