GARA > Idatzia > Kultura

Udaberriko eguzki izpiekin batera argia ikusiko duten zenbait liburu

Eleberriak, saiakerak, biografiak, liburu historikoak, erreportaje bildumak, poesia, literatura unibertsaleko euskarazko itzulpenak, euskal klasikoak, gazteentzako abenturak eta umeentzako ipuinak... eskaintza zabala dute euskal argitaletxeek eskuartean gainean dugun udaberriari begira. Orwellen «1984" eleberri ospetsua edota Wildek kartzelatik maitale ohiari saminez idatzitako gutuna, esaterako, euskaraz irakurri ahalko dugu laster.

Kristina MARTIN | DONOSTIA

Abenduko liburu zaparradaren ostean barealdia egon da hileotan. Makineria, baina, ez da gelditu eta Euskal Herriko argitaletxe gehienak udaberriari begira jarrita daude. Lorak bezala, zenbait idazleren fruituak ere laster gozatu ahalko dira. Hona hemen argitaletxe batzuek eskuartean dituzten liburuak.

Elkarrek, esaterako, eskaintza zabala du datozen hileotarako, bai bertoko idazleen lanei, bai literatur unibertsaleko aleen itzulpenei dagokienez. Aste honetan bertan Katixa Agirreren «Sua falta zaigu» zazpi ipuinez osatutako bilduma plazaratu du. Agirreren lehen lana da eta gaztarotik heldutasunerako pasabide zailaz berba egiten du.

Hilabete honetan ere Itziar Gilleneak idatzitako Giuseppe Verdi Italiako konpositorearen biografia kaleratuko du Elkarrek.

Susa argitaletxeak, bestalde, Harkaitz Zubiriren lehen lana argitaratuko du hilabete honen erdialdean. «Zakur kale» hamar ipuinen bilduman burgesiaren erretratu bat egiten du Zubirik. Horretarako gaur egungo donostiarrak hartu ditu oinarri.

Martxoan ere «Kaxa huts bat» Beñat Sarasolaren poesiazko liburua kaleratuko du Susak.

LAB sindikatuaren historia

Txalapartak, bestetik, Itziar Madinaren «Beste eguzkia» amodiozko istorioa argitaratuko du. Domingo artzain bakartiak, adinean aurrera eginda, bere etxaldea uztea erabakitzen du gaztaroko amodioaren bila joateko. Jaioterrira iristean, baina, okupa batzuekin egiten du topo. Ikuspegi desberdinak dituzten bikote zaharrak, batetik, eta okupa gazteek, bestetik, bat egiten dute eraikuntza enpresa boteretsu baten kontra borrokatzeko.

Euskaraz ez ezik, gaztelaniaz eta frantsesez plazaratuko dute «LAB sindikatuaren historia (2000-2005) Hator gorrira». Ipar Hegoa fundazioak bultzatuta, sindikatu abertzale horren azken urteotako ibilbidearen berri ematen du liburuak. Lan hori Emilio Majuelo historiagileak aurretik egindako lanaren jarraipena da. Majuelok LABeko lehen 25 urteetako istorioa, sorreratik 2000. urte artekoa, jaso zuen beste liburu batean.

Itxaro Bordaren lan berria

Datorren apirilean, ostera, Itxaro Bordaren azken nobela argitaratuko du Susak, «Jalgi hadi plazara». Ezpeldoi detektibea itzuliko da eta enkargu bitxi batekin, gainera; duela hiru egun Bilbon galdutako Iparraldeko euskaltzain bat aurkitu beharko du. Hildakoz betetako nobela den arren, barre egiteko aukera ugari eskaintzen du Bordaren lan berriak.

Elkarrek, bestalde, Iñaki Petxarroman kazetariak Kubari buruz idatzitako erreportajeak argitaratuko ditu datorren hilean. «Begirada bat Kubari» izenburuko liburuak Karibeko uharte horretako jendearen iritziak agertzen ditu, bertako Gobernua eta Iraultzaren aldekoenak eta kontrakoenak. Horrekin batera, Pablo Sastreren «Gauzen presentzia» saiakera izango da laster liburudendetan. Eguneroko bizitzan ohikoak diren gauzak hausnartzen du Sastrek eta, horren bidez, gure zibilizazioaren historia aztertu eta «progresoaren» muturreko kritika bat egiten du.

Txalapartaren apirilerako eskaintza Oscar Wilderen «De profundis» lanaren eta C. Ulises Moulinesen «Manifestu nazionalista» euskarazko itzulpenek osatzen dute. Wilde idazle irlandarraren lana Aitor Aranak euskaratu du. «De profundis» Wildek kartzelatik bere maitale izandako Alfred Douglasi idatzitako gutun luze bat da. 1895ean Douglasen aitak homosexuala izateagatik salatu zuen idazlea eta «moralaren kontrako jarrerarengatik» espetxeratu zuten. Handik bi urtera maitale ohiari igorri zion gutunean euren harremanaren hausnarketa sakona egin zuen. Gutunean maitaleari arinkeria eta berekoikeria aurpegiratzen dio eta Douglasengana izandako menpekotasunaz damutzen da. «De profundis» lanean Wilderen alderik humanoena azaltzen da.

Bestalde, «Manifestu nazionalista (are separatistagoa ere esango nioke estutuz gero)» saiakeraren euskaratzea Joana Garmendiak egin du. Ulises Moulines filosofo eta zientzilari venezuelarrak nazioen eskubideen aldeko manifestua 2001ean kaleratu zuen, Mexikon eta Estatu espainolean aldi berean. Artikuluak polemika handia piztu zuen bi herrialdeetan, eta Estatu espainolaren «ohorearen» denfendatzailerik sutsuena Aurelio Arteta irakasle nafarra izan zen.

AEBetako diaspora

Susak maiatzerako dituen berritasunen artean «Western Basque Festival» ikerketa liburua dago. 1959ko ekainaren 6an eta 7an lehen aldiz egin zen Sparks herrian, Nevadan (AEB) Western Basque Festival izeneko jaialdia. 5.000-6.000 inguru lagun bildu ziren AEBetara emigratutako euskaldunek ordura arte antolatu zuten ospakizun handienean. Miel A. Elustondok agiriak batu, elkarrizketak egin eta testigantzak jaso ditu dokumentu hori osatzeko.

Elkarrek, berriz, Ramon Olasagastiren «Mendiminez» plazaratuko du. Azken urteotan hil diren hainbat mendizaleren biografia eta soslaia jasotzen da Olasagastiren lan honek, besteren artean, Félix Iñurrategi, José Luis Zuloaga Zulu, Manu Badiola, Atxo Apellaniz, Miriam Garcia, Xabier Ormazabal, Antonio Miranda eta Mikel Ruiz de Apodaka.

Oskar Aranak «1984» George Orwellen eleberriaren euskarazko itzulpena du eskuartean eta ekainerako argitaratuko du Txalapartarekin. Eric Arthur Blair (1903-1950), Orwell goitizenarekin ezaguna, Gerra Hotzaren garaian idatzi zuen «1984» eta etorkizunaz orduan zuen ikuspegi negatiboa agertu zuen.

«Haur besoetakoa» poltsikoan

Erein argitaletxeak Jon Miranderen «Haur besoetakoa» euskal klasikoa berreskuratuko du poltsikoko sailerako. Mirandek 1957an idatzi zuen nobela hori, baina ez zuen argitaratzea lortu, garai hartan eskandalagarritzat jo baitzuten gaia -gizon baten eta bere haur besoetakoa den neskato baten arteko maitasun istorioa kontatzen du-. 1970. urtera arte ez zen plazaratu, Lur argitaletxearen eskutik. Vladimir Nobokoven «Lolita» eleberriarekin parekatu du batek baino gehiagok.

Horretaz gain, Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberri «Egunero hasten delako» (1969) ere sail horretan argitaratuko dute.

Lan berrietan, ostera, Aritz Gorrotxategiren «Zaldi hustuak» poesia liburua dago. Horrek ere datorren udaberrian ikusiko du argia.

ARTZAINAK, OKUPAK

Artzain batek eta gaztaroko amodio izandako andreak osatutako bikote zaharrak eta okupa gazte talde batek eraikuntza enpresa boteretsu baten kontra bat egiten dute Itziar Madinaren «Beste eguzkia» (Txalaparta) liburuan.

La biografía de Lluís Llach y consejos para mejorar nuestra salud, entre las novedades en castellano

La editorial Txalaparta también publicará esta primavera varios libros en castellano. Cabe destacar «Lluís Llach. Siempre más lejos». Esta biografía es un homenaje a la figura y al trabajo del cantautor catalán en el año de su retirada. Omar Jurado y Juan Miguel Morales recogen testimonios directos de aquellos que compartieron con él su vida o el escenario. Estos testimonios sirven de hilo conductor para el recorrido por los acontecimientos políticos y sociales claves en la trayectoria de este artista comprometido.

Por otra parte, José María Pérez Bustero, autor de «Vascones» (2002) presentará pronto «Los nuevos vascones». Con este título se refiere a los emigrantes que llegaron a Euskal Herria en busca de una vida mejor y ahora forman parte de la sociedad vasca. Pérez Bustero personaliza este fenómeno con historias concretas. Narra la llegada de algunos y su proceso de integración, teñido de sensaciones contradictorias como el recelo, la amistad, la solidaridad y la incomprensión.

«Autobiografía de mi madre», de Jamaica Kincaid, también es una novela, pero está ambientada en la isla caribeña de Dominica. Narra la historia de una mujer, Xuela, que se queda huérfana al nacer, lo que la marcará para siempre.

El libro de relatos del autor mexicano Eduardo Antonio Parra, «Parábolas del silencio», trae historias cargadas de humanidad, de detalles personales, gozos y amarguras. Los personajes de las nueve narraciones breves provocarán en el lector miedo, pena y sorpresa, en cualquier caso, todo menos indiferencia.

Antonio Palomar recomienda en «La sabiduría de Higea» cómo gestionar mejor nuestra salud. Explica cuáles son las propiedades de nuestro cuerpo para hacer frente a las enfermedades y cuáles son las causas de que no aprovechemos este potencial heredado de la naturaleza.

Erein, por su parte, publicará en castellano la novela «Ese final que os acecha» de Artemio Zarco y «Los planes de Lidia» de Josetxo Orueta.

K.M.

Haur eta gazteentzat

Helduentzat ez ezik, haurrentzat eta gazteentzat eskaintza zabala prestatu du Elkarrek. Ipuinen artean, esaterako, «Kintxo Barrilete» (Pirritx eta Porrotx) Mitxel Muruak eta Julen Tokerok idatzitakoak, «Xabier Mendigurenen eta Jose Belmonteren «Lierni eta Morrokoa», Txiliku eta Jon Zabaletaren «Mixi marrau», Pako Sagarzazuren eta Jose Belmonteren «Katuaren irribarrea» eta Antton Hirsuta eta Enrique Morenteren «Munduari itzulia 18 ipuinetan. Itzulpenak ere ekarriko ditu Elkarrek: Pako Aristik euskaratutako «Txerrikume pirata» (Cornelia Funke eta Kerstin Meyer), Joxan Ormazabalek itzulitako «Txantxon pirata» (M. Ángels Bogunyá eta Francesc Rovira) eta «Sorgin bat bizikletan» (Elisabet Abeyà eta Roser Capdevilla). Haurrentzat ere Miren Jasone Turunbayren «Ozeko magoa» eta Patxi Zubizarretaren «Furia» kaleratuko ditu Ereinek.

Gaztetxoentzat bi liburu argitaratuko ditu Elkarrek: Itziar Otegik euskaratutako «Hil ala bizi» (R.L. Stine) erromantikoa eta Antton Kazabonen «Atearen atzean» beldurrezkoa. Biak 13 urtetik gorakoentzat dira. Ereinek, berriz, «Carlotaren egunkari urdina» (Gemma Lienas) Jesus Lasaren euskarazko itzulpena ekarriko du.

BASQUE FESTIVAL

AEBetara emigratutako euskaldunek 1959an Nevadan egin zuten jaialdi aintzindariari buruzko dokumental idatzia egin du Miel A. Elustondok. «Western Basque Festival» (Susa) testigantzak eta jatorrizko agiriak batu ditu lan horretarako.

MANIFESTUA

Ulises Moulines filosofo venezuelarrak 2001ean nazioen eskubideen aldeko «Manifestu nazionalista» argitaratu zuenean polemika handia piztu zuen, Estatu espainolaren ohorearen defendatzaile sutsuena Aurelio Arteta nafarra izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo