GARA > Idatzia > Euskal Herria

Konpromisoen bidetik, euskararen geroa

uskararen normalizaziorantz indarrak metatu eta konpromisoen bidetik jarraitzeko asmoa du Eskolak Euskaldundu herri ekimenak eta, horren adibide, atzo Antiguako pilotalekuan egindako ekitaldia. E

«Bai eskolak euskalduntzeari, euskara ezagutzea guztion eskubidea». Lelo hori irakur zitekeen ehunka lagunez goraino beteta zegoen Antiguako pilotalekuan. Eskolak Euskaldundu herri ekimenak deitutako ekitaldiari jarraiki hamarnaka ikasle, irakasle eta herritar bildu ziren atzo goizean Donostiako pilotalekuan, haiek guztiek konpromisoa erakutsi nahi izan zioten Euskal Herriko berezko hizkuntzari. Ekitaldia hasi aurretik bertaratu ziren umeak kirioak dantzan zituzten eta haien irri eta ezinegona helduengana ere kutsatu zen.

Pantxoa eta Peio abeslariak ere ez zuten hitzorduari kale egin nahi izan eta haien abesti ezagunenak abestu zituzten bildutakoen gozamenerako. «Plazara, euskara, plazara! Euskaldun irakasle eta ikasle...» dioen abestia txalo eta kantuz lagundu zuten. Aitziber Garmendia eta Asier Soto aktoreek ere, landutako pasarteen bidez ikasle kaltetuen bizipenak umorez ekarri zituzten gogora.

Porrotxen agerpena

Bildutako umeen urduritasunak aldiz, argiki islatu zuen zai zeuden unea iristear zegoela eta jende artetik horren ezaguna den ileorde urdina agertu zenean, umeen txalo eta garraxiak hartu zuten protagonismoa. Euskal Herriko pailazo ezagunena den Porrotx izan zen iskanbilaren errudun. Haren magia trikimailu, abesti eta Tarrapatata pirataren kondairak ordea, ume eta ez horren umeen irrifar eta algarak piztu zituen.

Baina umoreaz haratago, Eskolak Euskaldundu herri ekimenak antolatutako ekitaldian euskarak bizi duen egoera «kezkagarriaz» ere luze eta zabal hitz egiteko aukera egon zen.

Lehenengo protagonistak ikasle kaltetuak izan ziren. Euskal Herriak batzen dituen herrialde bakoitzeko ikasle bat igo zen eskenatokira eta bertatik bere bizipenak azaldu zituen. Hauen ostean, munduko beste herrialdeetatik Euskal Herrira bizitzera etorritako herritarren txanda iritsi zen. Katalunia, Grezia, Bretainia, Mexiko edota Kolonbia herrietatik etorritako pertsona horiek haien jatorrizko hizkuntza aintzat hartu eta begirunez zaintzeko eskariarekin batera, haien seme-alabei eskolaren bidez euskararen ezagutzea bermatzea exigitu zuten.

Ikasle kaltetu eta etorkinek bildutakoen txaloak jaso ostean, Eskola Euskaldundu herri ekimena osatzen duten eragileek hartu zuten hitza. Euskal Herriko biztanleriaren laurdenak soilik euskara menperatzen duela eman zuten jakitera, eta pauso erabakiorrak eman ezean, euskararen geroa ere kolokan egon daitekeela esan zuten.

Euskalgintza eta hezkuntza arloetako eragileen aburuz, euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta hortaz bere ezagutza euskal herritar guztiei bermatu behar zaiela deritzote; haiek adierazitakoaren arabera, ezagutza hori nazioartean onarturiko giza eskubidea baita.

Aldarrikapenetaz haratago, euskararen lurralde osoa haintzat hartuz, euskara euskal herritar guztiek ezagutu beharreko hizkuntza gisa jasoko duen egoera juridiko-politiko berria exigitu zuten. Bide horretan, irakasleen kontratazioak edota baliabideen gaineko azterketa bezalako neurriak mahaiganaretu zituen.

Orain arte herritarrek egindako lanaren balioa nabarmendu ostean, guztien arteko elkarlanerako prestutasuna eta denen parte-hartzea bideratzen jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen Eskolak Euskaldundu herri ekimenak. Bide berean, euskara normalizatzeko urrats erabakigarriak egiteko garaia dela adierazi eta alderdi politiko guztiei erantzukizunez jokatzeko deia egin zieten, haiek baitute, ekimenaren arabera, hizkuntz eskubideak bermatzeko ardura.

Oihana LLORENTE

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo