Jon ALTUNA HIRU
Garraioaren kostuak
Jaurlaritzak lur gaineko garraioari buruz egin duen azterketaren emaitzak ikusita, ez da dudarik Admi
nistrazioek orain arteko jokabidea aldatu beharko dutela eta gizarteak ohiturak. Ikerketak erakutsi du errepideen gehiegizko erabilerak kostu handia dakarkigula: pertsonako urtean 930 euroko gastua eragiten dute tren, auto, kamioi eta beste ibilgailuen istripu, kutsadura, pilaketa, zarata eta gainerako zeharkako arazoek. Interesgarriena atera daitezken ondorioak dira.
Guztira 1.952 milioiko kostu horien zati handiena, oso nabarmen, errepideetako garraioari dagokio, trenbidez egiten denarekin alderatuz -ikerketaren arabera %97,62 errepideei eta 2,38 trenari-. Argi dago, beraz, errepideak egin eta egin aritu baino, garraio publikoa hobetu eta trena bera bultzatu beharra dagoela, batez ere, herrien artekoa, herriak eta hiriburuak lotuko dituena eta herrietatik, eskola, industrialde, merkatal-gune eta pilaketak izaten diren beste guneen artekoa.
Bestetik, oso zabaldua den ustea bota du behera: kamioiak ez dira istripu eta pilaketa gehien eragiten dituztenak. Salgaien garraio handia dagoela ezin da ukatu, baina, aipatutako ikerketaren arabera, bidaiarien garraioa da, arazo gehien sortzen dituena.
Beraz behar beharrezkoa da gizarte osoa egoeraz jabetu dadila autoaren erabilera murrizteko neurriak hartu ditzagun, baina hor Administrazioak ere lan handia du egiteko.
Ez dagoenez, garraio publiko egokia martxan jarri behar du -orain arte erakundeek errepideen alde egin dute apustu, beste garraiobideak ia erabat alde batetara utzita-.
Dena den, garraiobide egokiak izateak ez du ezertarako balio, errepideak ibilgailuz gainezka segitzen baldin badute.
Oro har, herritarrok ohiturak aldatu beharko ditugu, garraio publikoa edo bidegorriak erabiltzearekin batera, kamioien garraioa gutxitzeko kontsumoa neurtuz. Garraio ugari eta merkeari esker eskura jartzen baitzaizkigu produktuak merkatal gune handietan eta guk, behar izan ala ez, erosi.