Independentzia irudikatuko dute Gazte Martxak, Untzagatik Laudiora
Apirilaren 6tik 8ra Gazte Martxa izanen da Untzagatik Laudiora, eta milaka gazte elkartuko dira independentziaren izarraren bila joateko. Hiru egunetan egindako kirolaren ordaina jasoko dute azkenean: Oliba Gorriak, Kop, Kaotiko, Los Delinqüentes eta Betagarriren musika.
GARA |
Hainbat lagun batu zen atzo Laudion apirilaren 6tik 8ra izanen den Gazte Martxa aurkezteko. Han ziren Betagarriko kideak ere, aurtengo ekimeneko abestiaren egileak, independentzia irudikatzea helburu duten kontzertuen eta mendi ibilaldiaren berri ematen.
«Gaztetxeak, komunikabide alternatiboak, ikasle borrokak... makina bat dinamika gauzatu dugu azken urteotan, ukatutako eskubideak aldarrikatzeko eta alternatibak plazaratzeko asmoz. Zeresan handia dugu gazteok herri honek izan duen errealitatearen gainean, eta beharrezko iraultzarako bitartekoak eraiki ditugu errebeldiaz eta ilusioz», azaldu zuten Egoitz Garmendia eta Irati Mujika bozeramaileek. Ekintza horiek guztiak independentziaren norabidean egin dituztela ohartarazi zuten, «independentzia delako eskubideak bermatuko dituen eta gure bizimodua era askean garatu ahal izateko bitartekoak eskainiko dituen proiektu bakarra».
Oztopoen gainetik lanean
Galarragak eta Mujikak salatu zutenez, batzuk ahalegin berezia egiten ari dira independentziaren proiektua zapuzteko, eta gazteak esanekoak eta indibidualistak izateko. «Noiz eta herri honek bizi duen gatazka politikoa gainditzeko benetako aukerak dauden honetan».
Hortaz, herria garatzeko lanean jarraituko dutela esan zuten euskal gazte independentistek. Apirilaren 6an eginen dute, hain zuzen ere, beste ekarpen bat: hiru egunetan mendi martxa eginen dute Untzagatik Laudiora, «gure izarra irudikatuko dugu, independentzia».
Eguerdian abiatuko da ibilaldia Untzagatik, ekitaldi baten ondotik. Mendeika eta Okondo pasatu eta Laudiora ailegatuko dira apirilaren 8an. Bertan jasoko dute izerdiaren eta nekearen ordaina: Oliba gorriak, Kop, Kaotiko, Los Delincuentes eta Betagarri taldeen kontzertua. Baina ibilbidean izanen dira ekintzak; ikus-entzunezkoak, jokoak eta hitzaldiak, besteren artean.
33 euroren truke Gazte Martxarako bonoa erosten duenak akanpatzeko aukera, gosariak, Laudioko bazkaria eta kontzertuetarako sarrera izanen ditu. Kontzertuetarako sarrera bakarrik erosi nahi izanez gero, 15 euro ordaindu beharko dira aitzinetik eta 18 bertan.
Euskal Herritik harago ere emanen dute martxaren berri, estaturik gabeko nazioetako gazteekin eginen duten biran.
Euskal Herritik harago ere emanen dute gazte independentistek apirileko mendi ibilaldiaren berri, estaturik gabeko nazioetako lagunekin elkarlanean eginen duten biran.