Eskubaloia ABF Liga
Sanchez atezainak Itxakoren aukera guztiak zapuztu ditu
Maru Sanchez, Cementos La Unioneko atezainak, zazpi penalti gelditu zituen bai eta azken minutuan berdinketa ekar zezakeen Sanromanen jaurtiketa ere
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Liderra mendean hartzeko aukera paregabea galdu zuen atzo Itxakok Cementos La Union taldearen aurka 21 eta 22 galdu ostean. Sinestezina benetan, Maru Sanchez bisitarien atezainak egindako lana. Azken minutuan Yolanda Sanromani eginiko geldiketak berdinketa eragotzi zuen eta, horrez gain, zazpi penalti gelditu zituen.
Partida oso gogorra izan zen hasiera-hasieratik. Kanpoko taldea markagailuan aurretik ibili zen partida osoan, baina etxekoen defentsa benetan aipagarria izan zen. Horren adibide ona da Ribarrojaren 22 goletatik 17 bi jokalariren artean sartu zituztela. Zsofia Medvedek 12 sartu zituen eta Patricia Alonsok beste bost. Bisitarien beste jokalari guztiak ezinhobeto gelditu zituen Ambros Martinek zuzentzen duen taldeak, nahiz eta atezainek ez zuten egunik onena izan atzo.
Erasoan, ordea, arazo gehiago izan zituen talde nafarrak. Goleatzaile nagusia Nely Carla izan zen bost golekin eta Andrea Barno eta Cristina Mihaik beste launa gol sartu zituzten. Beste jokalariak nahiko antzu ibili ziren erasoko jokoan.
Sailkapenera begira, gauzak ez dira gehiegi aldatuko Itxakorentzat, baina jada lidergoa asko urrundu zaio. Cementos La Union Ribarroja da ABF Liga irabazteko faborito nagusia.