GARA > Idatzia > Kultura

Xabier Silveirak lortu zuen puntu gehien Berriozarko saioan

Bizia eta gustagarria. Berriozarrera hurbildu ziren bertsozaleei horrelakoa iruditu zitzaien bertako musika eskolan burutu zen Nafarroako Bertso Txapelketako hirugarren kanportaketa saioa. Xabier Silveira nagusitu zen 422,5 punturekin, eta bigarren Erika Lagoma gelditu zen.

GARA | BERRIOZAR

422,5 punturekin nagusitu zen, azkenean, Xabier Silveira Nafarroako Bertso Txapelketako hirugarren saioan, Berriozarko musika eskolan atzo burututako kanporaketan.

Bertan bildutako ikusleen arabera - 180 lagun inguru-, saioa bizia, arina eta gustagarria izan zen. Gainera, ikuskizuna hasi aurretik, eskolako ikasleek ongietorri berezia egin zieten bertsolariei inauterietako doinuarekin.

Silveiraren atzetik, 399 punturekin, Erika Lagoma sailkatu zen; hirugarren, Migel Mari Elosegi «Luze» leitzarra izan zen -390- eta, beraz, lehen aldiz arituko da finalean; laugarren, Oskar Estanga -366-; bosgarren, Aritz Saragueta -357,5- eta seigarren, Alazne Untxalo, 349 punturekin.

Azken hirurek ere maila polita eman zuten, tarteka gauza politak eginez. Gainera, txalorik gehien azken honek lortu zituen, txapelketan lehen aldiz parte hartu eta urduri aritu arren, nahikoa gustura gelditu zela aitortu baitzuen.

Honenbestez, erabaki dute martxoaren 24an Elizondoko Lur aretoan jokatuko den finalean arituko diren bertsolarien zerrenda: Xabier Silveira, Joxe Juan Zubieta «Etxabe», Iñigo Olaetxea -hiruak zuzenean sailkatutakoak-, Erika Lagoma, Jon Barberena, Julen Zelaieta, Migel Mari Elosegi «Luze» eta Bittor Elizagoien. Azken hauek lortutako puntuei esker sartu dira Nafarroako Bertso Txapelketako finalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo