Ixabel Etxeberria Irakaslea
Aurtengo Aberri Egunean, Santiagotik elkarrekin
Urteak joan, urteak etorri Aberri Egunaren bezperan Herria non ospatu galderari erantzuten ez da gai xamurra izaten. Herria eraikitzen ari omen garela eta, bakoitzak bere kaperaren alde egiten jarraitu izan du. Udalbiltzak irudi berritzailea eman zion gaiari eta anitz poztu ginen herria bere osotasunean begiratzen dion egitura horrek gomita egin zigularik. Baina, Udalbiltzak ez omen ditu Euskal Herri guziak biltzen, alde batekoak baizik. Hori irakurtzen ohi dugu prentsan, alegia ideia horri oihartzuna izaten lagundu behar zaiola. Bestalde, urte guzia alderdien tirabirak entzuten ditugula, taldeen arteko desberdintasunak ezin gaindituak dituzte. Ipar Euskal Herrian el- karrekin ospatzeko zailtasunak izan ditugu, masifikazio arriskurik ez delarik!
Iaz, elkarrekin biltzeko prozesua ez omen zen aski ondua, ea aurten desberdinatsun guzien gainetik herria garela, nazioa garelaren oihukatzeko gai garen. Izan ere, horren aldarrikatzeko gai ez bagara, urte guzian guri begira daudenei zer irudi ematen diegu?. Oso desberdinak gara, eskualde bakoitzak haren nortasuna dauka, administratiboki antolaketa desberdinak ditugu, aurkariak desberdinak eta gure artean ere askotan proiektu eta gizarte helburu desberdinak. Baina, gure nortasunaz harro gara, hori erran nahi diegu gure haurrei, guri askotan transmititu ez ziguten harrotasuna, edo kendu nahi zigutena bizirik dago, eta horrek lagunduko gaitu herriarekin aitzinatzen. Herri honek iraun badu herritar mota guziei esker izan baita. Denek, ahal izan dugun neurrian, bakoitzak bere mailan, ttiki edo handi, ezagun edo itzalean ibilitako hainbat eta hainbat herritar, herri honi orai bat izaten lagundu dugu. Iaz, Aberri Eguna denena dugula oroitarazi zigun gazte talde batek, ideia honek jarraipena behar zuen. Zentzu horretan Santiagoko zubiaren gainetik ibilalditxo baten egiteko gomita luzatu dugu, ea denek gure herria gorai- patzen dugun, historia handia duen zubi horren gainetik abertzale asko eta asko ibiltzen garen, loturen estutzeko, hautsitako sarea josten saiatzen garen, askotan hausten bada ere, egun horretan bederen urratsa baikorra izan dadin. Irundik Hendaiaraino, aurten Gernikako bonbardaketaren hirurogeita hamargarren urtemugan, Hendaiatik Irun erretzen ikusi ondoren, sufri- mendu guziak gogoan, euskaldun eta abertzale izatearen pozez, abertzaletasun berriez estaltzen dugun zubia. Bereizi nahi izan gaituen zubian, espainol eta frantses ez garela, Euskal Herria bere ainiztasunean martxan dagoela, naturalki erakuts dezagun elkarrekin.