GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Felix Etxeberria irabaziz itzuli da plazetara

J.L. | DONOSTIA

Urrezko Aizkolarien Bakarkako saioa atzo abiatu zen Garraldan, eta ez zen ezustekorik izan, faborito guztiek aurrera egin baitzuten. Jendeak erabat bete zuen kiroldegia, eta ez da harritzekoa, lehian ziren bi azkolari bertakoak baitziren, bai Mandazen, bai eta Iriarte ere.

Hiru kanporaketatik erakargarriena Etxeberriak eta Kañamaresek jokatu zutena izan zen. Alde batetik Etxeberria berriro plazaratu zen atzo. Zortzi urte inguru eman ditu azkora utzita, gaisotasun bat medio, baina osatu da, eta atzo itzuli zen. Bestetik, bera eta Kañamares ziren atzoko saioko bi aizkolaririk onenak, eta amaierako denboren ostean hori argi eta garbi ikusi zen.

Lau lan ezberdin egin zituzten aizkolariek, eta lehen kanporaketa honetan Etxeberria nagusitu zen. Sunbillakoak probako ekinaldi guztietan izan zen nagusi. Hasteko 45 ontzako zeinek kolpe gutxiagotan moztu aritu behar zuten, eta Sunbillakoak 33 kolpetan erdibitu zuen enborra, eta 48tan Kañamaresek. Gero, 45 ontzakoa erlojuz kontra moztu behar izan zuten, eta berriro ere Etxeberria nagusitu zen. 49 segundoan moztu zuen enborra, eta 1.11n Kañamaresek. Hirugarren lanean, 45 ontzakoa zutik moztu behar zuten, eta 1.36 izan zen Sunbillakoaren denbora, eta 2.01 Kañamaresena. Lan luzea izan zen azkanekoa, eta hor kirolariek bi kana-erdiko eta 60 ontzakoa moztu behar zuten. Etxeberriak 7 minutu eta 48 segundoan amaitu zituen lanak, eta 8 minutu eta 31 segundoan Kañamaresek. Lan guztiak amaitzen, 10 minutu eta 46 segundo behar izan zituen Etxeberriak, eta 11 minutu eta 23 segundo, berriz, Kañamaresek.

Rodriguez nagusi

Bigarren kanporaketan, Rodriguez segoviarrak oso erraz menderatu zuen Iriarte. Garraldakoak probako saio guztiak galdu zituen, kolpekakoa ezik. Hor nafarrak 37 kolpetan moztu zuen enborra, eta 41 gaztelarrak. Erlojupekoan, Rodriguezek 50 segundotan bota zuen enborra, eta Iriartek 56 segundoan moztu zuen. Zutikakoan ere gaztelarra nagusitu zen. 2.17 izan zen bere denbora, eta etxekoak, berriz, 2.48koa. Lan luzean, Rodriguezek 10 minutu eta 11 segundoan amaitu zituen lanak, eta 12 minutu eta 31 segundoan Iriartek. Lan guztiak 13.59n burutu zituen Rodriguezek, eta 16.52n Iriartek.

Hirugarrengoan, Esnaolak irabazi zuen. Kolpeka, 38na eman zituzten. Erlojuz kontrakoan, Mandazen nagusitu zen. 45 segundo izan zen bere denbora, eta 50 gipuzkoarrarena. Zutikakoan, 2.46 izan zen Zegamakoaren denbora, eta 3.31 nafarrarena. Lan luzean, 9.11 izan zen Esnaolaren denbora eta 9.36 Garraldakoarena. Lan guztiak burutzeko, 13 minutu eta 25 segundo behar izan zituen Esnaolak, eta 14 minutu eta 30 segundo Mandazenek.

Miel Mindegiak ez du parte hartuko. Bere lesioak ez du onera egiten, eta ezin da aizkoran aritu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo