GARA > Idatzia > Real Sociedad

Emakumezkoen Superliga

Egindako hutsek galarazi diote Realari irabazten

Huelvakoak donostiarrak baino askoz hobeak izan ziren, baina etxekoek egindako opariak ederki aprobetxatu zituzten berdinketa bat lortzeko

REAL SOCIEDAD 2

SPORTING HUELVA 2

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Realak aukera galanta galdu zuen Sporting behin betiko atzean uzteko, baina egindako hutsek galarazi zieten garaipena eskuratzea, andaluziarrak baino askoz gehiago jokatu baitzuten.

Dominguezek zuzentzen duen taldea hastapenetik zelairatu zen gogoarekin. Iaz igoera fasean talde honen aurka gertaturikoa gogoan zuten, eta mailari eusteko borroka horretan ere premiazkoa zuten garaipena. Guzti horrekin, kementsu ekin zioten partidari, eta aukerak ere izan zituzten. Lehen zatiko erdialdera, Laura Gomezek aitzineratu zituen euskaldunak, eta bazirudien puntuak etxean geratuko zirela.

Laurak eta Larraitz Lucasek ere izan zituzten bigarren gola lortzeko aukerak, baino ez zuten asmatu, eta atsedenaldira joateko hamar minutu falta zirenean, kanpotarrek berdinketa lortu zuten. Realeko atzealde osoak sekulako hutsa egin zuen, eta Merchek ez zuen barkatu oparia berdinketa lortzeko.

Bigarren zatian, berdin

Bigarren zatian, txuri-urdinak gogoz hasi ziren, partida erabakitzeko asmoarekin. Aintzane Encinasen burukada gutxigatik joan zen kanpora hirugarren minutuan. Hala ere, hamabigarren minutuan gertatu zena bitxia izan zen. Laura Gomezek sekulako aukera izan zuen. Ate aurrrean, bakar-bakarrik geratu zen, baina zailena egin zuen baloia kanpora bidaliz. Andaluziarrek atetik atera, eta jokaldi azkar baten ondorioz, baloia Fabianarengana heldu zen, eta Aizpururen irteera txar batez baliatu zen, baloia gainetik pasa, eta aurretik jartzeko.

Hortik aurrera, Realak erasora jo zuen. Hiru aldaketa egin zituen Dominguezek, eta hiru aurrelarirekin jokatzera pasatu zen. Donostiarrak erabat ari ziren nagusitzen, eta azkenean heldu zen berdinketa. Laura Gomezek erdiraketa bikaina egin zuen, eta Lizasok burukada ezin hobea eman zion, eta baloia sarera joan zen.

Hortik aurrera ere gauzak ez ziren aldatu, eta txuri-urdinek beste aukera bikain bat izan zuten. Del Amak, ordea, ez zuen asmatu Cintaren aurrean, eta ezin irabazi.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo