GARA > Idatzia > Musika

Ungdomshuset. Kopenhage. Danimarka

Autonomoen antolakuntza eredugarria izan bada ere, poliziaren estrategiak AEBetako polizia errepresioaren ikurra zeraman; hots, zero tolerantzia. Gazteek borroka eta istiluetan parte hartu baino lehenago joan da polizia euren etxeetara atxilotzeko asmoarekin. Estatuaren neurri berriak dira. Zero tolerantziarekin, nola daki poliziak nork, noiz eta nola urratuko duen sistema kapitalistaren ongizate estatua?

Ritxi AIZPURU, musika argitaratzailea

Okupazioaren gaiak nagusiki hiru adar izan ditu. Bat, espekulazioari aurre eginez bizitzeko etxeak okupatu. Bi, gazteen asialdia antolatzeko sistemak duen hutsunea betetzeko asmoz egindako okupazioak. Hiru, nahiz eta gazte izena mantendu, okupazioaren bidez giza mugimendu publikoa sortu eta gatazkagune bat eraikitzea du xede. Konfrontazioaren bidetik Estatuko zein udal instituzioei eta sistemari berari kontra egiteko bizitza eredu desberdinak, balore berriak eta espazio askeak planteatuz. Azken bietan oso toki garrantzitsua izan du musikak. Musika taldeek probasaioetarako lokalak jarri dituzte eta baita hainbat kontzertu antolatu ere.

Ekintza horren kontra sistemak jarritako errepresioa ekintza bera baino garrantzitsuagoa bihurtzen denean, mobilizazioak indar gehiegi xahutzen du, ondorioz ekintza bera eta bere bilakaera ahulduz. Estatuek, eta baita antzinako menperakuntza eredu desberdinek ere, gerretan nahiago izaten dute hildakoak eragitea zaurituak baino. Zaurituek arerioa gehiago ahultzen dute, zaindu egin behar direlako. Hildakoak, lurperatzearekin nahikoa da. Errepresioarekin beste horrenbeste gertatzen da, baina oso harrigarria da Ungdomshuset defendatzera zer jende uholdea gerturatu den Kopenhageko etxe okupatura. Ikusgarria halaber poliziak atxilotutako lagunen kopurua (600). Txundigarria horrelako etxe bat defendatzera Alemania, Italia, Holanda eta hainbat herrialdetatik hurbildutako jendetza. Istiluak ipar Europako erara egin dira. Baina, gazte autonomoen antolakuntza eredugarria izan bada ere, poliziaren estrategiak AEBetako polizia errepresioaren ikurra zeraman; hots, zero tolerantzia. Gazteek istiluetan parte hartu baino lehenago joan da polizia euren etxeetara atxilotzeko asmoarekin. Zero tolerantziarekin, nola daki poliziak nork, noiz eta nola urratuko duen sistema kapitalistaren ongizate estatua? Sistemak berak urratzen du berak idatzitako legea; beraz, sistema guztiak ukatu behar dira. Ungdomshuset-ek gizarte zentro bezala funtzionatzen zuen, aldarrikapenez aldarrikapen. Haren ardura nagusia sistemaren aurkako ideien sorleku eta borrokarako gune bihurtzea zen, baina asialdia alboan utzi gabe. Mundu osoko musika taldeek jo dute Ungdomshuset toki okupatuan 1980an sortu zenetik. Euskal Herrian ere okupatu da, baina Ungdomshuset aitzakia baino ez da izan okupazioari buruz hausnarketa hau egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo