Edertasunaren unea
Musika gustu kontua dela esan izan dugu askotan, eta bakoitzak bere gustuak ditu, jakina. Musika estilo edo talde batzuk besteak baino gehiago gustatuko zaizkizu eta, agian, baten bat ez zaizu batere gustatuko. Abeslari eta talde batzuek, ordea, jende gehienari gustatzeko dohaina dute. Horien artean kokatuko genuke Bebel Gilberto abeslaria. 2000. urtean «Tanto Tempo» diskoa kaleratu zuenetik arrakasta handia lortu du mundu osoan eta arrakasta hori mantentzeko osagaiak ditu bere hirugarren disko honek ere, «Momento» izenekoak.
Brasilgo musikaren goxotasuna du; sanba eta bossa erritmo pausatuak, hizkuntzaren laztana, denboraz sukaldatutako melodiak eta, diskoa aspergarria izan ez dadin, kolore aniztasuna. Diskoa Londres, Rio De Janeiro eta New York hirietan grabatu du, ekoizle desberdinen laguntzarekin.
Soinuari dagokionez, doinu akustikoak eta elektronikoak maisuki uztartu ditu Bebel Gilbertok eta aurreko diskoekin gertatu bezala, kantuak berriro nahasteko ateak zabalik utzi dizkie disko jartzaile eta ekoizleei (erremixen diskoa noiz kaleratu zai geratuko gara). Diskoan Cole Porter-en «Night and Day» eta Chico Buarque-ren «Caçada» kantuen bertsioak entzun daitezke. Gauzak konplikatzeko joeraren aurrean, bakuntasunaren aldarrikapena. Une bereziak girotzeko primerakoa. Musika zainetan du Bebelek, Joao Gilbertoren alaba izateaz aparte Chico Buarqueren iloba baita.