GARA > Idatzia > Ikusmira

Arazoari heltzen ez dion gizarte politika

Lakuako Gobernuak, berriro ere, ez du gainditu gizarte politikako ikasgaia, ezta PSE-EEk ere, hirukoarekin egindako akordioa oso urrun baitago berak aurkeztu zituen proposamenetatik. Izan ere, sozialistek orain dela urtebete Oinarrizko Errenta Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea eta errenta hori jaso ahal izateko adina jaistea proposatu zuten, besteren artean; baina atzo hartutako akordio horren arabera, lehenengo proposamena 65 urtetik gorako pentsiodunei baino ez diete aplikatuko, eta bigarrena ez dute aintzat hartu, 23 urtetik beherako gazteek behar gorriko egoeran egon ezean, eta Lakuako Gobernuak arautuko duen eran. Funtsean, horretan gelditu dira Gizarte Bazterketaren aurkako Legeari egindako aldaketak, garrantzi handiko akordio gisa aurkeztu badute ere. Ez bide dute gauza bera uste hainbat eragile sozial, sindikal eta politikok, ez bide dute aurrerapauso handirik ikusten herritar askok, hirukoaren gizarte politika neoliberala jasaten dutenek bereziki. PSE-EEk bat egin du politika horrekin, gizarte honen arazo larri horri inola ere heltzen ez dion politikarekin, eta atzoko akordioa horren erakusgarri argia da: berak proposatutakoa ez zen aurrera atera, eta hirukoak aurkeztu zizkion aldaketa bakanak onartu zituen. Baina ez da alderdi horren jokaeraren salbuespena, Lurzoruaren Legea eta Uraren Legea lekuko. Nolanahi aurkeztuta ere, atzo lortutakoa bezalako itunek ez diote arazoari bere osotasunean heltzen, ez dira gizartearen benetako beharrei begira egiten, interes ilunagoei begira baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo