GARA > Idatzia > Ikusmira

Eguneroko lan istripu justifikaezinak

Lan istripuan hildakoak bi egunean behin berria direnean, gero eta leku txikiagoa betetzeko arriskua dago; gero eta leku txikiagoa hedabideetan ez ezik, herritarren artean ere. Enpresaburuen artean eta administrazioetan betetzen dutena bezain txikia. Eta, hain zuzen, alderantziz behar du izan. Gero eta leku gehiago eman behar die gizarteak lan istripuei, enpresek eta administrazioek langileen eskubideak urratzeko gero eta leku gutxiago izan dezaten. Atzo garraiolari gasteiztar batek zerrenda ikaragarri bateko 37. tokia bete zuen, bere kamioia errepidetik atera eta bera barruan harrapatuta geratu baitzen. Abadiñon beste istripu bat izan zuen langilea, berriz, larri zauritu zen. Aste honetan bertan, Etxegintzako Bizkaiko patronalak ez zuen justifikatuta ikusten zenbait sindikatuk sektore horretan deitutako lanuztea, eta, lan istripuen kopurua murrizteko, sindikatuekiko elkarlanaren alde hitz egin zuen. Ederki islatzen du patronalaren jarrera. Ez dago argi, ordea, nola justifikatzen dituzten horrenbeste istripu Lan Arriskuen Prebentziorako Legea ez betetzeagatik, prekarietate handiagatik, langilearen segurtasunaren aldean negozioa lehenesteagatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo