GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Seme-alabek hezten gaituzte

Okerra. Galdera okerra da. Akastuna da Radio Euskadik foroa antolatzeko plazaratu duen galdera: «Nola hezten ditugu seme- alabak?». Norabide bakarreko ekitea irudikatzen du itaunak, gazteak heztea goitik beherako ekimena balitz bezala, nagusiengandik gazteengana, jakintzatik ezjakintasunera, autoritatetik menpekora. Heziketak, ordea, hezteko asmoa bal- din badu egiatan, inoiz ezin du izan norabide bakarreko jarduna. Pertsona osotua lortzea badu helburu, heziketak ezin du modu berean planteatu bere egitea gizabanako guztiekin, pertsonak ez direlako igoalak, ume bakoitzak, gazte bakoitzak ezberdin entzuteko duelako, ezberdin aditzen duelako esaten zaiona. Botoia sakatzen dugunean nork du bere erantzuna, ezberdina, mekanizismorik gabea.

Heziketaren lehen pausoa entzutea da, ezagutzea, aurrean dugun hori den modukoa onartzea, bere berezitasunekin. Haren izaerak azalduko digu nola jokatu gaztearekin helduaroan pertsona osoa izan dadin. Nolatan da posible hezi nahi izatea hezigaia ulertu gabe? Nola ekiten dioten hezitzaileek -guraso izan zein irakasle- baloreen transmisioari, eta pretenditu gazteek bere egin ditzaten baloreok, jakin gabe zeri ematen dioten balioa beraiek, nolako ikusmira duten inguruarekiko?

Gaztea nolakoa den jakin ondoren, haren ahalmenak, nahiak, grinak, desirak, beldurrak, zalantzak, baliabideak, bertuteak eta arrakalak ezagutu ondoren jakin genezake zer- nolako jokaera agertu berarekin, modu pertsonalean gara ditzan gure ustez (hortxe gakoa, alajaina!) positiboak diren aspektuak, eta aspektu negatiboak bazter ditzan. Urteetako lana da eta ez dago bermerik emaitzekin.

Balore positiboak, hortxe dago gakoa hain zuzen, aurre-ezarrita ditugun baloreetan. Heziketa prozesuan gure balore- eskalan aldaketarik egiten ez badugu, lehentasunei errepaso ederra ematen ez badiegu eta gure burua aldatzeko prest ez bagaude, agian ez gara inor hezten ari. Arauak inposatzen ditugu soilik. Heziketa norabide biko mugimendua delako, eta dialektika horretan gure seme-alabek hezten gaituzte, unean-unean, transmititu nahi dieguna erabaki ahala. Ustez argi geneukan hura, ez daukagu uste bezain argi, antza.

Seme-alabek hezten gaituzte beren begietatik begiratzen dugun aldiro. Erantzun propiorik ez dugula konturatzen gara, haien enegarren «zergatik» galderari ekiteko erantzun egokirik ez daukagula konturatzen garenean. Gure buruarekin harritzen gara ikustean tentatuta egon garela esateko horrenbeste gorrotatzen genuen esaldi hura, «nire etxean bizi zaren bitartean...». Seme-alabek behartzen gaituzte sakon aztertzera gure sinesmenak, erabaki behar izaten dugu zein balore pasarazi nahi genekiekeen, nolakoa den gure harremana erlijioarekin, zein den gure egiazko iritzia egoera politikoarekiko, nola jokatzen dugun laneko ga- tazketan, zer nahi genukeen beraiek pentsatzea, sinestea edo ahanztea. Seme-alabak hezi nahi izatean, geure argazkia azalarazten zaigu aurrez aurre. Eta hori hezigarria da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo