GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Ikasle borrokaz lortuko dugu!" lelopean Bologna salatu du IAk

«Ikasle borrokaz lortuko dugu!" lelopean, Ikasle Abertzaleak mugimenduak aurrera daraman dinamikaren barruan ekimenak izan ziren atzo Euskal Herriko unibertsitate ugaritan. Bertan, Bologna Prozesuak dakarren hezkuntzaren homogeneizazioa, merkantilizazioa eta pribatizazioa salatu zuten; bidez batez, 29rako deitutako greba orokorrerako gonbita egin zuten.

GARA |

Euskal Herriko ikasleriaren egoera «jasangaitza» da Ikasle Abertzaleak mugimenduaren aburuz. Euskal Ikasleon Eskubideen Kartan jasotzen diren eskubideak lurralde eta ikas-maila orotan «sistematikoki urratuak» direla salatu du behin eta berriz ikasle mugimenduak, eta unibertsitatearen alorrean osagai berri batek okertzen du egoera, haien ustez: Bologna Prozesua.

1999. urtean, Europako unibertsitate eremuaren kohesiorako mekanismoak ezarriko zituen Bologna Prozesuaren deklarazioa sinatu zuten, eta geroztik hura aplikatzeko hainbat neurri ezartzen hasiak dira Euskal Herria kokaleku gisa duten unibertsitateetan.

Ikasle mugimenduaren aburuz, prozesu horrek hezkuntzaren merkatilizazioa, homogeneizazioa eta pribatizazioa dakar. Horiek hala, ugariak izan dira azken urteetan ikasle mugimenduak bultzatutako ekimenak; ezagunena, 2005eko azaroaren 17an eginiko greba orokor arrakastasua.

Gaur egun, eskuak gurutzatuta eta zerura begira gelditzeko asmorik gabe, IAk, «ikasle borrokaz lortuko dugu! Bologna gelditu!» lelopean, beste dinamika bati ekin dio Euskal Herriko unibertsitate eta ikastetxe orotan. Dinamikaren egun handia datorren martxoaren 29a bada ere, hamaika ekimen gauzatzen hasiak dira ikasle eskubideen alde.

Atzo, Euskal Herrian dauden unibertsitateak izan ziren protesten agertoki. Nafarroako Unibertsitate Publikoan, NUPen, parodia bidez kritikatu zuten Bologna Prozesua; Gasteizen, berriz, hitzaldia eta manifestazioa egin zuten 100 lagunek; EHUk Leioan duen campusean, goizean burrunbada egin zuten, eta eguerdi-partean, 120 ikaslek manifestazioa antolatu zuten; azkenik, Ibaetako campusean margoketen bidez salatu zuten Bologna Prozesua.

NUPen euskara plan berria

Joan den asteartean, Euskararen Plan Estrategikoa onartu zuen NUPeko Gobernu Kontseiluak. Plangintza, ordea, Euskara Batzordeak egindako proposamena baino murritzagoa da, titulazioaren ikas-maila bakoitzeko euskarazko gutxienezkoa irakasgai bat bakarrik onartzen baitu.

Plan horrek sektore euskaltzaleak aurka izan ditu sorreratik, plangintzaren izaera bera «zalantzagarritzat» jotzen baitute eta, haien ustez, ez da NUPen euskara normalizatzeko «egokia».

Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduak ere ados ez dagoela erakusteko ekimenak egin zituen asteartean bertan. «NUPen euskaraz orain! Bologna gelditu!» leloa zuen pankarta eskegi zuten bi ikaslek ikasgeletako sarreran, eta esku-orriak banatu zituzten ikasleen artean.

Mugimendu horren iritziz, onartutako Plan Estrategikoa «diagnostiko hutsa da, eta ez du ezertarako balio», eta horixe bera adierazi zuen Gobernu Kontseiluan dagoen ikasle ordezkariak bileran.

Hizkuntz eskubideak urratzearen erantzule jo dute Baztarrika

«Hizkuntza politikak euskararen herrian» lelopean, joan den ostiralean Ibaetako campusean egindako jardunaldietan, IAko hogei kide inguruk hitzaldia etetea lortu zuten. Protestaren bidez, joan den ostegunean Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak aurkeztutako hizkuntza politika kritikatu nahi izan zuten, ikasleria euskalduntzeko borondaterik ez duela uste baitute ikasle mugimenduko kideek.

Jardunaldian parte hartu zuen Lakuako Hizkuntza Politikako arduradun Patxi Baztarrikak «faxistatzat» hartu zituen IAko kideak; horiek, ordea, «kalifikatzaile antzuetan sartu» ordez, konpromisoa exijitu zioten Gasteizko Gobernuari, euskalduntzeko eskubidea errespeta dezan. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo