GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kristina Larrañaga Azkainen da berriro, Parisko auzitegiak aske utzi du-eta

Kasik urtebete Estatu frantsesean gatibu igaro eta gero, atzo goizean atzean utzi zuen Kristina Larrañaga azkaindarrak Fleury-Merogiseko espetxea. ETArekin zerikusia zuelakoan atxilotu zuen Larrañaga Polizia frantsesak, polizi indar espainolekin elkarlanean egindako operazio batean. Orotara, hamabi euskal herritar atxilotu zituzten orduan. Atzo bertan egin zioten lehenbiziko ongietorria.

GARA |

Kristina Larrañaga euskal preso politikoa Azkainen da; izan ere, atzo goizean Parisko Fleury Merogiseko espetxea atzean utzi zuen. Polizia frantsesak atxilotu zuenetik kasik urtebete igaro da, eta baldintzapeko askatasuna eman dio Auzitegi berezi frantsesak. Larrañaga eguerdi aldera iritsi zen Donibane Lohizuneko tren geltokira, eta hamarka lagunek lehenengo ongietorria egin zioten bertan azkaindarrari.

Joan den ekainean polizia espainolak eta frantsesak elkarlanean egindako polizi operazioan ETA erakundearekin zerikusia zutelakoan atxilotu zituzten hamabi euskal herritarretako bat da Kristina Larrañaga azkaindarra, atzo bertan aske utzi zutena eta Euskal Herrira itzuli zena. Alta, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko pasaportea agintari judizialen eskuetan utzi behar izan du; astero polizi etxera bertaratzera behartua dago; ezin da Estatu frantseseko lur eremutik atera eta bere sorterrian, Azkainen, bizitzera behartua dago.

Informazio agentziek jakinarazitakoaren arabera, Larrañaga aske uztearen aurka agertu zen lehenbizikoz Laurence Le Vert epaile frantsesa, eta erabaki horren aurka ezarritako helegitearen ondotik erabaki du Parisko epaitegi bereziak azkaindarra baldintzapean aske uztea. Gainera, gaixotasunen bat duela jakinarazi dute.

Joan den ekainean atxilotua

Kristina arrañaga Azkainen atxilotu zuten 2006ko ekainean, polizia espainolak eta frantsesak elkarlanean egin zuten polizi operazioan. Orotara hamabi euskal herritar preso hartu zituzten eta hamalau etxe eta lokal miatu. Guztiei ETA erakundearekin zerikusia izatea leporatzen diete, eta zehazki, ETAren «zerga iraultzailea» delakoa biltzea edo antzeko lanetan aritu izatea.

Hasieran Fernando Grande-Marlaska epaileak eta ondoren Baltasar Garzonek bideratu duen auzibidea, era berean, Le Vert epaile frantsesaren esku dago. Orduan egindako atxiloketetan ondoko euskal herritarrak eraman zituzten preso polizia espainolak eta frantsesak: Anjel Iturbe, Julen Madariaga, Jose Luis Cau Aldalur, Eloi Uriarte, Izaskun Gantxegi, Jose Ramon Badiola, Joseba Elosua, Jose Karmelo Lukin, Ramon Sagartzazu, Jean Pierre Harokarene eta Iñaki Aristizabal.

Orduz geroztik, espetxeratu zituzten euskal herritar horietako hainbat aske gelditu dira, eta bahitu eta itxiarazi zituzten beste hainbat lokal irekiak daude gaur egun.

Bestalde, asteartean Hendaian eta Donibane Lohizunen atxilotu zituzten hiru irundarren inguruan ez da berri gehiagorik. Tolosako Muret-Seysseseko espetxean daude, asteartean Paueko auzitegiak haien aurkako euroagindua aztertu arte.

Euskal preso politikoen eskubideak babesteko, asteartean, Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean 86 lagunek elkarretaratzea egin zuten. Gasteizko Olarizu auzoan, ostera, 31 lagun elkartu ziren protestan; eta Arrasaten, berriz, 46. Atzo 50 lagun elkartu ziren Iruñeako Errotxapean eta 20 Atarrabian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo