GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abian Baionako auzo txiroenak eraberrituko dituen plana

Baionako auzo txiroenak goi-lautadan daude, eta haiek eraberritzeko plan osoa aurkeztu du Herriko Etxeak. ANRUk (Hiriaren Eraberritzearen aldeko Agenzia Nazionala) Lapurdiko hirirako egin duen programak 2013a bitartean bizi kalitatea eta gizarte aniztasuna handitu nahi du. Egitasmoaren lehen fasea 2005ean abiatu zen eta 2008ra arte iraunen du.

Idoia ERASO |

ANRUk, Estatu frantseseko beste hirietan bezala, Baionan abian jarri duen programak ezberdintasun sozialak eta arazo gehien dituzten auzoen garapen ekonomikoa sustatzea du xede. Hori lortzeko, Lapurdiko hiriburuan San Etieneko goi-lautadan aldaketa handiak gertatzen ari dira. Zenbait eraikin bota eta berriak egingo dituzte Caradoc-en eta Breuer-en. Etxebizitzen baliabideak eta egituraketa hobetuko dituzte Jouandin-en eta Habas La Plain-en. Habas-en auzo bat sortuko dute, Habas Les Vallons; bertan, etxebizitza sozialek promozio pribatutik sortutako etxeekin bat eginen dute.

Orokorrean, beste auzoekin eta erdigunearekin bat egiteko azpiegiturak hobetuko dituzte; bestalde, zerbitzuak eta bizikidetzarako egiturak sortuko dituzte. Besteren artean, haurtzaindegi bat eta igerileku bat eraikiko dute, eta Caradoc-en supermerkatu bat eginen dute.

Egitasmoak bi epealdi izanen ditu. Lehen garaia 2005ean abiatu zen, eta 2008ra arte iraunen du, urte hauek ANRUren aintzin-irudia egiteko balioko dute. Egitasmoaren bihoztzat jo duten lehendabiziko epealdi horren hasiera ofiziala joan den urteko azaroaren 24 izan zen; izan ere, Aitzin-irudi Protokoloa sinatu zuten orduan.

Helburuak

Hiru helburu nagusi bete nahi dituzte lehen garai honetan. Alde batetik, gizarte aniztasuna indartu nahi dute eraikin berrien bitartez. Orain arte txiroen tokitzat jo izan diren auzoetara maila ekonomiko ezberdinetako jendea erakarrita lortu nahi dute anizatasuna.

Orotara 300 etxebizitza eginen dituzte, horietatik 200 sozialak. Breuer auzoan jabegorako lorpide liratekeen 39 txalet txiki egingo dituzte aurten. Habas Le Vallons auzoa 2008ko bigarren seihilekoan egiten hasiko dira. Bertan, jabegorako lorpide izanen diren 21 pisu eta alokairuko 44 pisu eginen dituzte, etxebizitza sozialak. Bestalde, 100 bat etxebizitza eginen dituzte sustatzaile pribatuek. Azkenik, Caradoc-en, 100 pisu eraikiko dituzte.

«Egitasmoaren bihotzaren» bigarren helburua gaur egun diren etxebizitzak hobetzea eta birkalifikatzea da. 2005. eta 2006. urteetan Habas eta Zitadelako 700 bat etxebizitza berritu zituzten. 2007. eta 2008. urteen artean, berriz, Jouandin-go hiru eraikinak, goi-lautadako etxebizitza sozial ezagunenak, eraberrituko eta birkalifikatuko dituzte. Gelditzen diren beste laurak bigarren epean eginen dira. Festa-gela bat eraikiko dute eta Pyrene haurtzaindegia handituko.

Bigarren epea

2008an hasiko den bigarren epeko xede nagusia etxe zaharrak berritzea eta birkalifikatzea izanen da. Caradoc, Jouandin, Mounede eta Habas auzoetan eginen dituzte berrikuntzak. Caradoc-en zehazki 80 etxebizitza botako dituzte 2010ean, baina auzo berean eginen dituzten beste etxebizitza batzuk emanen dizkiete biztanleei. Komunikabideetako eta zarametako zerbitzuak ere berrituko dituzte, eta espazio irekiak balioztatzeko egitasmoak abian dira.

2005etik 2013ra bitartean gauzatuko duten egitasmoa aurrera ateratzeko orotara 93 milioi euro beharko direla aurrez ikusten dute. Abian den «Egitasmoaren bihotza» bururatzeko 30 milioi euro inguru erabiltzen ari dira, eta beste bi herenak bigarren epealdirako beharrezkoak izanen dira. Lehendabiziko fase honetan, HLMren (Alokairu Moderatuko Bizitokia) bulegoaren partaidetza erdia baino gehiagokoa izanen da finantziazioan. Diruaren %17 ANRUk emanen du, eta beste partaide guztiek %5 baino gutxiagoko laguntza emanen dute.

Egitasmoa finantzatzen erakunde publiko anitzek lagunduko dute. Diru gehiena HLMren bulegoak emanen du; izan ere, egitasmoaren ia %40 finantziatuko du. ANRU izanen da bigarren parte-hartzaile nagusia, eta egitasmoaren laurdena baino gehiago ordainduko du. Aurrekontuaren %12,5 ordainduko du Baionako Herriko Etxeak; eta %5, berriz, Akitaniako Kontseiluak. Beste partaide guztien diru-laguntzak ez dira %5era ailegatzen.

ANRUk Baionako eskaerari baiezkoa eman zionean eta, egitasmoaren arabera, Caradoc-eko auzoan etxebizitzak bota eta berriak eginen zituztela jakin zenean, zalantza eta ezinegona sortu ziren. Biztanleria lasaitzeko, Baionako auzapez Jean Grenet-ek prozezu guztia adostasunaren bidetik eramanen dutela nabarmendu zuen. Egitasmoa biztanleekin elkarlanean eta haien bizitza kalitatea hobetzeko eginen dutela adierazi zuen Grenet-ek.

Auzo berria

Habas Le Vallons auzoa 2008ko bigarren seihilekoan egiten hasiko dira. Bertan, aniztasun soziala bultzatzeko, etxebizitza sozialak eta pribatuak eraikiko dituzte. 100 pisu pribatu izanen dira, eta 65, sozial.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo