GARA > Idatzia > Herri-kirolak

«Orain dela urtebete ez nuen pentsatzen lortu dudan maila lortuko nuenik"

Marijose SARDON, harri-jasotzailea

Marijose Sardon urnietarrak marka ahalegina egingo du bere herritarren aurrean datorren igande eguerdian. 34 urteko emakume honek, 113 kiloko zilindro zaharra erabiliko du bost minututan, eta gutxienez hiru jasoaldi eman nahi dizkio, izan ere, Miren Urkiolak bi aldiz berdinduta baitauka harri hau. Gipuzkoarrak bizkaitarrak egindako marka hura apurtu nahi du.

Jon LEUNDA |

Marijose Sardon gogotsu dago iganderako. Herritarren aurrean aritzeko kementsu dago, nahiz eta urduri ere badagoen, baina duen guztia emateko prest agertzen da.

Zer moduz zaude igandeko saiakerarako?

Oso animatuta. Urduri samar ere bai, baina urduritasun hori berezkoa dudanez, normala ere bada. Gogotsu nago, eta ea dena Euskadiko Sei Orduetan bezala ateratzen den.

Hilabete batzuk besterik ez dira lehen aldiz plazaratu zinela. Ordutik indartsu zabiltza, ezta?

Bai, gustura nabil, urriaren 1ean egin nuen lehen saioa Urnietan, eta gauzak ongi joan zirenez, aurrera joateko indar gehiago ematen dizu.

Gauzak gainera primeran doazkizu ezta?

Egia esan bai, ez nago kexatzeko moduan. Oso gustura ari naiz lanean, eta ikusten dut teknikoki asko falta zaidala hobetzeko, baina indarrez ongi nabil, eta horretaz baliatzen naiz harriak jasotzeko. Gero, ikusten dut, harriak jasotzen hasi nintzenetik, asko hobetu dudala, eta horrek berak ere indarra ematen dizu.

Hilabete hauetan hobekuntza handia sumatzen al duzu?

Egia esan bai, orain dela urtebete ez nuen pentsatu ere egingo urtebetan maila honetan egongo nintzenik. Hala ere, badakit teknikoki asko lantzen jarraitu beharra dudala, eta hori egin nahi dut. Igandekoa pasatzen denean teknika hori lantzen eta hobetzen jarraitu behar dut.

Beraz, aurrera begira ere jarraitzeko asmoarekin zabiltza?

Bai, bai. Lan asko ari gara egiten, eta aurrera begira ere nik jarraitzeko asmoa daukat.

Bi neska dira harriak jasotzen, eta Miren Urkiolak 18 urte besterik ez ditu. Gaztetasun hori aldeko izango du, ezta?

Bai, dudarik gabe, eta gainera teknikoki ere oso ona da, harria erraz altxatzen du, teknika oso ongi menperatzen du. Izan ere, adin hori nahiko arriskutsua izaten da, neska askok 24 edo 25 urterekin utzi egiten baitute kirola. Berak ez dakit zer asmo izango duen, baina hura ere gustura dabil, eta ea urte askotan jarraitzen duen.

Berak jadanik marka batzuk eginak ditu, eta atzetik joate hori nolabaiteko erreferentziak dira. Hori zure mesederako ezta?

Bai, atzetik joanda badakizu zer egin dezakezun, eta orain ni horrela nabil, gerora ez dakit horrela izaten jarraituko den, eda gauzak aldatuko diren. Nik uste dut bion artean ez dagoela alde handirik, eta gerora ere hor ibiliko garela, batzuetan ni aurretik, eta beste batzuetan bera.

Urkiolak 113koa bi aldiz altxatuta dauka, eta zure asmoa hiru aldiz altxatzea da. Pentsatzekoa da etxera helburua beteta joango zarela ezta?

Dudarik gabe, plazara joan aurretik etxean egin behar duzu lan hori, eta menperatuta daukazunean plazan erakutsi behar duzu. Ni gustura aritu naiz, eta orain etxean egindako lana plazan baieztatu behar dut.

Miren bera bakarrik aritzen zenean, beste neska bat agertzea ere ona izango zela esaten zuen. Orain bi zarete, baina gehiago ere gustura hartuko zenituzkete ezta?

Bai ezbairik gabe, lehiakortasuna handitu egingo zelako. Denek esaten dute ni hastearekin, eta neska izaterekin kirol honi bizia eman diola, bi nesken arteko lehia bat ere ikusi daitekelako, baina ez da nahikoa, inondik inora, gutxienez beste bat behar delako txapelketa bat jokatu ahal izateko. Lehiaketa ofizial bat jokatzeko hiru lagun behar dira, eta oraingoz bi besterik ez gara. Hala ere, zaila da emakume bat honelako kirol bat egiten hastea.

Jendeak zer moduz hartu zaitu?

Oso ongi. Ez dakit emakume gutxi garelako edo zer, baina oso maitatua sentitu nahiz. Bai kirolariek, epaileek, federazioko jendeak, eta zaleek ere oso ongi hartu naute, eta alde horretatik oso gustura nago.

Telebistako lehiaketa batean ere ari zara, eta horrek ere ez al dizu lagunduko gero erakustaldiak bilatzerako garaian?

Uste dut baietz, jadanik jendeak kalean ere ezagutu egin nau azken boladan, eta uste dut baietz, horregatik. Euskadiko Sei Orduen ostean, gainera, jendea hasi da ni plazetara joateko deika, eta uste dut gauza polita dela. Telebistako horrelako saio batetan agertzeak ere beti laguntzen duela uste dut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo