GARA > Idatzia > Herri-kirolak

IDI-PROBAK

Txausonen uztarriak eraman ditu Aiako probetako mantak

J.L. | DONOSTIA

Txausoen uztarriak eraman ditu herenegun gauean Aian amaitu ziren probetako mantak. Arabarraren idiek azkeneko egunean, hain justu, ondu zuten Bikiaken idiek egindako lana.

Aiako probetako saiorik erakargarriena azkeneko egunerako iragartzen zen. Zaleen ustez egun horretan zeuden uztarririk onenak, eta ez zuten hutsik egin, ez zaleek, ez eta idiek ere. Harmailak bete egin ziren, eta idiek, berriz, lan bikaina egin zuten. Azkeneko egunean aritutako hiru uztarriek estreineko bost postuetan amaitu dute. Lehenengoa, hirugarrena eta bosgarrena izan baitziren.

Txausonen idiak oso indartsu dabiltza azkenaldian, eta jokatutako dena irabazten dute. Aian ere ez ziren gutxiago izan, eta garaipena eskuratu zuten. Lopene aurretik, eta Iketza, atzetik aritu ziren itzain.

Bakion eta Aulestin

Idi-probek gustuko dituztenak, Bizkaia aldera joan beharko dute asteburu honetan, han izango baitira ekinaldiak.

Bakion, bihartik astelehenera artean egunero izango dira probak, egun horretan amaituko baitira. Bihar, Zerainen, Aurtenetxeren eta Lopategiren uztarriak neurtuko dira. Etzi, Landazabalen, Lopategiren eta Arbelaitzenak izango dira. Igandean, berriz, Basoarteren, Telleriaren eta Anitxu-Artadialderenak izango dira nor baino nor. Astelehena izango da azkeneko eguna, eta orduan, Letearen, Epiolaren eta Txertudiren idi pareak neurtuko dira. Bihar eta etzi, 21.00etan hasiko dira, eta igandean eta astelehenean, berriz, 18.30ean.

Aulestin, berriz, zaldi-mando probak izango dira. Igandean, 17.30ean hasita, Zubizarretaren, Alegriaren eta Garmendiaren abereak neurtuko dira, hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo