GARA > Idatzia > Kultura

Lurra izanen du Xiru jaialdiak mintzagai heldutasunaren urtean

«Norena da lurra?" izanen da aurten Gotaineko lurretan Xiru jaialdiak zenbait ikuspegi artistikotatik landuko duen gaia. Martxoaren 31tik apirilaren 1era sorkuntzak eta tradizioak bat eginen dute Zuberoan.

Idoia ERASO | BAIONA

Ofizialki heldutasuna lortzen den adinarekin, 18 urterekin, Xiru jaialdiak hunkibera omen den Lurraren gaia jorratzea erabaki du. «Norena da lurra?» gaiaren inguruan zenbait adierazpen artistiko eskeiniko dira. «Artistikoki eta poetikoki aipatuko dugu minbera izan daiteken gaia» adierazi zuen Mixel Etxekoparek, Xiru jaialdiko antolatzaileak. Lurrari hurbiltzeko euskaldunen ikuspegi sakonaren aurrean lurrik izan ez duten ijitoen ikuspegia ezarriko du jaialdiak. Horretarako Errumaniatik heldutako Vagabontu taldeak azken mila urteetan ibilian egon den herri baten musika joko du.

Sorkuntza herri-jaialdi honetan hiru egunetako bakoitzak bere izaera berezia izanen du. Martxoaren 30aren gaua Xiruk egoitza duen Gotainetik Garindainera hurbiltzeko baliatuko dute. «Garindaine lur gaine» sorkuntzaren bitartez «Tokiaren poesia eta bizia uztartuko dira», adierazi zuen Etxekoparek, eta «eta hori mirakulu bat da», adierazi zuen ere bai. Izan ere, herriko karriketan zehar Zuberoaren magia aditzera ematen saiatuko da Xiru argazkilari, pirotekniko, bertsolari, musikari eta ikusleen bitartez. Garindaineko Ainarak eta Oilarrak taldeekin batera Nafar-Xibero klunak, Jon Maia bertsolaria, Suak taldea, Xavier Pinon eta Karidadeko Benta egongo dira. Itzuli artistikoa egin ondoren lasterka ere ibiliko dira ikusle eta artistek Korrikarekin batera. Musikaz, bertsoz eta dantzaz beteriko kilometroa izanen da Xiruk Garindainen egingo duena.

Xiberoko benta

10.00etan larunbatari hasiera emango dion eztabaidaren ondoren, kontzertu-gau harrigarria eskainiko zaio bisitariari. Karidadeko Bentarekin batera sortu dute Gotaineko antolatzaileek Xiberoko Benta. Oiharkorren txaranga eta Karidadeko Bentak elkarrekin lurra eta itsasoa izanen dituzte presente, zuberotarrek Zumaiatik zuzenean heldutako kantariekin musikaz eta hitzez gozatzeko parada eskainiko dute.

Euskaldunek kanpotiarren jakituria ere barnera dezaten Errumaniako Vagabontu taldearen musika ekarriko du Xiruk. Lyon eta Alsaziatik heldutako Alfred Spirli eta Geraldine Kellerrek «Ortzia lorez eta lurra izarrez» beteko dute haien ahots goxoekin eta perkusioekin.

Igandea Gotaineko larretan familiarekin ibilian gozatzeko antolatu dute. Goizeko 10.30ean egingo den esku-pilota partidaren ondoren kontzertu ibilaldia izanen da. Mixel Etxekoparek «nire musika kontserbatorio naturala eta artearen lekua» gisa definitzen duen Ütürzabalan eginen da itzulia. Guanes Etchegaray eskultoreak harriz, egurrez eta burdinez egindako eskultura aurkeztuko du eta han geldituko da betiko. Duela lau urte egiten hasi ziren ekitaldi horrekin kanpoko museoa sortu nahi dute Gotainen.

Herri-bazkaria ondoren Xiru jaialdia bukatzeko ikusgarri eta topaketak izanen dira arratsaldeko hiruetatik goiti.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo