GARA > Idatzia > Ekonomia

Langileen alde eta Nafarroako Gobernuaren pasibotasunaren aurka egingo du LABek etzi

Mepansa, Ufesa, BSH, Schneider eta Sanyo multinazionalek Nafarroatik alde egin eta bertan «arazo sozial" handiak eragiten ari dira. Deslokalizazio, prekarietate eta Nafarroako Gobernuak erakusten duen pasibotasunaren aurka manifestatuko da LAB Iruñean.

Iker IRIARTE |

Larunbaterako LAB sindikatuak deitua duen manifestaldia bere horretan mantenduko da eta ez du inolako aldaketarik jasango nafarroako Gobernuak antolatutako mobilizazioa dela-eta. Sindikatu abertzaleko idazkari nagusi Rafa Diezek jakinarazi zuenez, deslokalizazioaren aurkako manifestalida bestearen aurretik deitu zuten, eta beraz, arazorik egotekotan, «erantzukizun osoa» Sanzen gobernuarena izango dela adierazi zuen, horrek onartu baitzuen bigarren mobilizazioa LABek deitutakoaren egun eta ia ordu berean egin dadila.

Sindikatu abertzaleko ordezkari Santos Indakoetxearekin, Arantxa Ibargoienekin eta Oskar Oietarekin batera agertu zen Diez eta, haren arabera, Nafarroako egoera industriala «oso kezkagarria» da, eta duela urtebete horri aurre egiteko proposamenak aurkeztu bazituen ere, ordutik egoerak okerrera egin duela baieztatu zuen. Hori dela-eta, LABek sentsibilizazio kanpaina hasi zuen eta amaituko dute larunbatean Iruñean «Deslokalizazioaren aurka, gure industria defenda dezagun» leloarekin egingo den manifestaldiak.

Estrategia industrialik eza

Mobilizazioa, 17.30ean autobus geltokitik abiatuko dena, langileen eskubideen alde, eta Nafarroako Gobernuaren «pasibotasunaren» aurka izango da Diezen arabera, eta beste behin, Sanzen Gobernuak sortutako «multinazionalezko erabateko mendekotasuna» eta politika industrialik eza salatu zituen.

Gainera, UGT eta CCOOk 2005ean prekarietateari aurka egiteko sinatutako akordioa «tongo bat» izan zela ere salatu zuen, 432 milioi euroko aurrekontua izan arren %30era igo baita egun. Orain bigarren akordioa sinatzear daude eta «bere jarrera aldatzeko ordua» dela ohartarazi zituen.

erantzukizuna

Larunbatean talkarik egotekotan, «erantzukizun osoa» Sanzen Gobernuarena izango dela esan zuen Diezek, horrek eman baitio baiezkoa bigarren manifestaldiari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo