GARA > Idatzia > Kultura

Zortzi euskaltzaleren biografia berri, «Bidegileak" bilduman

Julen Lekuona, Imanol Lartzabal, Lourdes Iriondo, Maurizia Aldeiturriaga, Pedro de Yrizar, Manex Goihenetxe, Jose Mari Larrarte eta Jose Basterretxea dira «Bidegileak" bildumak plazaratu dituen liburuxka berrien protagonistak. Atzo egin zituzten aurkezpenak.

Martin ANSO | DONOSTIA

Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatuta Mikel Atxagak zuzentzen duen «Bidegileak» bildumak bi karpeta berri plazaratu ditu, 44. eta 45.a, eta, ohi bezala, horietako bakoitzak lau liburuxka ditu bere baitan. Beraz, zortzi liburuxka berri, beste hainbeste euskaltzale aitzindari edo «bidegile»ren biografiei eskainiak.

44. karpetako liburuxkak kantari euskaldunei eskaini diete; zehatz-mehatz, Lourdes Iriondori, Julen Lekuonari, Imanol Larzabali eta Maurizia Aldeiturriagari. 45.a, berriz, lau ikertzaileri. Horietako hiru, Pedro de Yrizar, Jose Basterretxea «Okillaso» eta Jose Mari Larrarte, gehienbat hizkuntz alorrean nabarmendu ziren. Laugarrena, Manex Goihenetxe, historian.

Atzoko aurkezpenean, liburuxken egile gehienak ez ezik biografiatuen hainbat senide ere egon ziren, esaterako, Xabier Lete, Imanolen arreba, Goihenetxeren anaia, Maurizia Aldeiturriagaren semea edota Lekuonatarren ordezkaritza zabala. Beraz, hunkitzeko moduko tarterik ere izan zen ekitaldian.

Digitalizazioaren premia

Joxemari Iriondok paratu ditu Lourdes Iriondori eta Julen Lekuonari eskainitako liburuxkak. Biak ala biak oso gertutik ezagutu zituela gogorazi zuen egileak. Are gehiago, Lourdes lehengusu txikia zuen eta Julen, odolezko senide ez bazuen ere, «etxekoa balitz bezala» tratatu zuen. Bata eta bestearen hainbat pasadizo eta dohain gogora ekarri ondoren, Joxemari Iriondok nabarmendu zuen bi kantarion lanak, oraindik biniloan daudenak, lehenbailehen digitalizatzeko premia dagoela.

«Gudariaren semea» da Felipe Juaristik Imanolen biografiari ipini dion izenburua. «Imanol lagun handia izan nuen -esan zuen Juaristik-, eta hura ezagutu dugun guztiok bezala, badakit Imanol asko zeudela. Liburuxkan, batez ere Imanol artistaren berri eman nahi izan dut». Juaristiren iritziz, «gero eta gehiago aitortuko zaio Imanoli bere lanaren balioa».

Maurizia Aldeiturriaga kantari eta pandero-jotzailearen liburuxka Agurtzane Intxaurragak paratu du. Txikitatik ezagutu zuen Agurtzanek, «lehengusuen amama» zelako. Liburuxkaren egilearen ustez, «bere garaiko heroia izan zen Maurizia, naturaltasun osoz, gainera». Bere eragina euskal musika tradizionalean ez ezik ondorengo musikan nabari dela adierazi zuen. Izan ere, Josu Zabalak, Fermin Muguruzak eta beste batzuek eredutzat izan dute. «Punkirik punkiena izan zen Maurizia», esan zuen Intxauragak.

45. karpeta, lau ikertzaileri eskaini dute. Horietako bat Jose Basterretxea «Okillaso» Madrilen jaiotako gernikarra da (1911-1996). Liburuxkaren egileak, Adolfo Arejitak, «Oskillaso», formazioz, matematikoa zela gogoratzen du. Hainbat gramatika eta literatur lan argitaratu zituen. Oso ezaguna ez bada ere, arte plastikoetan ere aritu zela esan du Arejitak.

Jose Mari Larrartek ere (1926-2004) liburuxka dauka «Bidegileak» bilduman. Gregorio Arrienek eta Felix Zubiagak prestatu dute. Arrienek atzo esan zuenez, «batez ere pasiotarra» izan zen. Besteren artean, Hizkuntza Eskolan irakasle aritu zen, eta Eusko Legebiltzarrean, berriz, itzultzaile. Poemak ere idatzi zituen, eta Arrienek horiek biltzeko eta argitaratzeko asmoa badutela adierazi zuen.

Manex Goihenetxe, historialari nazionala

«Bidegileak» bildumako 45. karpeta, esan bezala, lau ikertzaileri eskainia da. Horietatik hizkuntzalaria ez den bakarra Manex Goihenetxe historialaria da (1942-2004). Hari dagokion liburuxka, «Euskaltzale eta abertzale» izenburukoa, Jean Louis Davantek idatzi du. «Manex Burgosko Auzi denboran ezagutu nuen, Baionan, akusatuen alde egin genuen lehen manifestaldian. Gutti ginen, eta gero ere gutti izaten jarraitu dugu, baina maratoizaleak gara, eta mendizaleak», esan zuen idazle zuberotarrak biografiatuaren heriotza gogoan. Beraz, Goihenetxe militantea zen eta «lan militanteak» idazten hasi zen. Denboraren poderioz, ordea, «historia nazionalista batetik historia nazionalera» pasatu zen. Euskal Herriko historia, «bere osoan», gehien landu dutenetako bat dela gogoratu zuen Davantek.

Pedro de Yrizar azkoitiarraz Ricardo Badiolak idatzi du. Yrizar (1910-2004) gehienbat dialektologo moduan nabarmendu zen, baina Badiolak beste hainbat alor aipatu zituen atzo, esaterako, ingeniariarena edota musikariarena.

M.A.

INTERNETEN ERE BAI

«Bidegileak» bilduma liburuxka bakoitzetik 2.100 ale inprimatu dituzte, gehienbat liburutegi, ikastetxe eta antzekoetan banatzeko. Hala ere, biografiok euskara.euskadi.net webgunean ere irakur daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo